Amasa-Villabonako Udalak eta Oria Merkatarien Elkarteak herrian erosteko deia zabaldu dute

Ataria 2013ko abe. 17a, 20:30

Egitarau zabala izango da Eguberrietan eta Galder Azkue alkateak hainbat eragileren parte hartzea eta elkarren arteko lanketa nabarmendu du.

Oria Merkatarien Elkarteak, Behar-Zana Pilota Elkartearen laguntzaz, 1.100 euro banatuko ditu bertako dendetan gastatzeko. Lau sari zozketatuko ditu, abenduaren 16, 17, 18 eta 19an. Lehen hiru egunetan, 200 euroko txekeen zozketak egingo dira, eta 19an, 500 eurokoak. Horrez gain, saridunei saski ederrak oparituko zaizkie. Urtarrilaren 9an, 275 euroko lau txekeren beste zozketa bat egingo dute.

Kale animazioa ere izango da. Gabonetako haur parkea antolatu dute Gaztelekuarekin lankidetzan. Hain justu, begirale lanetan herriko gazteak ariko dira, eta hauei ikastaroa emango zaie. Abenduaren 23 eta 27 eta urtarrilaren 3an arratsaldez, eta abenduaren 28an goizez egongo da irekita. Aurrez izena eman daiteke Katea Etxea gaztelekuan, abenduaren 18an eta 19an 08:30etik 09:30era, eta abenduaren 20ean 15:00etatik 16:30era. Bi eta bederatzi urte bitarteko umeentzat egongo da bereziki prestatua parke hau.
Urtarrilaren 4an, berriz, Imanol Ituiño magoak ikuskizunak eskainiko ditu dendetan eta, arratsaldean tailerrak, jokoak eta haur dantzaldia izango da Berdura plazan.

Eguberrietako egitaraua

Gabon Parkea
-Abenduak 23, 27 eta urtarrilak 3: 16:30etatik 19:30era, Bearzana frontoian. Prezioa: 2 euro, familia ugarientzat 1,40 euro.
-Abenduak 28: 10:00etatik 13:00etara, Bearzana frontoian. Prezioa: 2 euro, familia ugarientzat 1,40 euro.

Abenduak 20
-10:00-13:00: Erniobea institutuko elikagaien eta animalien azoka Berdura plazan.
-17:00-19:30: Talo tailerra Berdura plazan. Prezioa: 0,50 euro.

Abenduak 21
-17:00: Haurrentzako zinema saioa. Gurea antzokian, dohainik.

Abenduak 22
-17:00: Haurrentzako zinema saioa. Gurea antzokian, dohainik.

Abenduak 24
-Jaiotza biziduna egun osoan, Zentroko plazan.
-Olentzero eta Mari Domingiren jaitsiera Otsabitik. 17:30ean Otsabitik eta 18:15ean herrian.

Abenduak 28
-17:00: Haurrentzako zinema saioa. Gurea antzokian, dohainik.

Abenduak 29
-17:00: Haurrentzako zinema saioa. Gurea antzokian, dohainik.

Abenduak 31
-Urte Zaharreko Krosa. Zizurkilgo Urkamendi elkartetik. 16:00etan haurrentzako proba eta 16:30ean proba nagusia.

Urtarrilak 1
-08:30: Loatzora mendi irteera. Olaederra kiroldegitik aterako dira.

Urtarrilak 4
-11:00-13:00: Magia saioak komertzioetan.
-Herriko dendak arratsaldez irekita egongo dira, 17:00etatik 20:00etara.
-17:00-19:00: Haurrentzako tailerrak Berdura plazan.
-19:00-20:00: Haurrentzako dantzaldia Berdura plazan.

Urtarrilak 5
-19:00: Erregeen jaitsiera Amasatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!