52 pilotari bilduko ditu Villabonan bihar hasiko den II. Antton Pebet Memorialak

Mikel Iraola 2013ko abe. 4a, 20:29
I. Antton Pebet Memoriala 2010ean jokatu zen lehen aldiz.
Bihar, osteguna, final laurdenen prebiako bi partida jokatuko dira; finala, berriz, urtarrilaren 4an izango da

Duela lau urte zendu zen Antton Pebet Behar Zanako pilotariaren omenezko bigarren pilota txapelketak Gipuzkoako eta inguruetako 52 pilotari hoberenak bilduko ditu Amasa-Villabonan bihartik aurrera.

Behar Zana Pilota Elkarteak antolatutako txapelketa honek, hilabeteko iraupena izango du eta guztira zortzi jaialdiz osatua egongo da, kadete, jubenil eta nagusi mailan. Bihar, final laurdenetako prebiak irekiko du jaialdia. 19:00etatik aurrera, bi partida jokatuko dira: alde batetik, Larrañaga eta Murgiondo azpeitiarrak, Lizaso billabonatarra —Pebet zenaren bikotea— eta Imaz oiartzuarraren aurka arituko dira; beste partidan Mikel Poueytz eta Erreka, eta Mendy eta Aguerre izango dira nor baino nor.

Final laurdenetako lehen partidak berriz, abenduaren 14an, larunbatean, jokatuko dira. Hurrengoak, abenduaren 20, 21 eta 22an izango dira. Final erdiak, berriz, hilaren 28an eta 29an jokatuko dira. Eta hiru mailatako final handia, 2014ko urtarrilaren 4an, larunbatean, jokatuko da arratsaldeko 17:30etatik aurrera.

Txapelketa osoan zehar, epaile ofizialak izango dira. Arrazoi konkreturen baten ondorioz pilotariren batek ezingo balu jokatu, antolakuntzak berak bilatuko du ordezkoa, izan ere, ez da partidaren ordurik ezta egunik ere aldatuko, baldin eta antolakuntzak halabearrean burutzen ez duen.

Partida guztietarako sarrera doakoa izango da, eta gainera, saski ederrak zozketatuko dira bertaratzen direnen artean. Esate baterako, bihar urdaiazpiko bat eta sagardo kaxa bat zozketatuko dituzte. Hori posible egin dute antolakuntzak txapelketa honetarako jaso dituen 62 laguntzaileen ezinbesteko laguntzak. Pilotariek ere sari ederrak eskuratuko dituzte: 250 euroko diru saria, iberiar urdaiazpiko bat, Benta Aldea Bodegoian bi lagunentzako afaria, Magnun ardo ondu botila, sagardo kaxa bat, txapela eta garaikurra.


Egutegia

II. Antton Pebet Pilota Memoriala

Final laurdenen prebia. Abenduaren 5ean, osteguna, 19:00etan.

Final laurdenak. Abenduak 14ean, larunbata, 17:30ean; abenduak 20 ostirala, 18:30ean; abenduak 21, larunbata, 10:30ean, eta abenduak 22an, igandea, 10:30ean.

Final erdiak. Abenduaren 28, larunbata, 17:30ean; eta abenduak 29, igandea, 10:30ean.

Finala. Urtarrilaren 4an, larunbata, 17:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!