Parte hartzea arautzeko lehen pausoa eman du Villabonako Udalak

Mikel Iraola 2013ko azaroaren 27a

Etorkizunean galdeketa edo erreferendumen bat izaten bada, berme ofiziala duen oinarria izango da ordenantza.

Amasa-Villabonako Udala herritarren parte hartzea bermatzeko ordenantza bat sortzeko bidean da, eta horretarako eman beharreko lehen pausuak eman ditu dagoeneko.

Hilabete batzuk atzera egin behar da ordenantza honen jatorria ulertzeko. Batez ere hondakinen gaiarekin herrian izan diren eztabaida handietatik ondorio positibo eta negatiboak atera ditu udalak: «Positiboa izan da gaia kalean eztabaidatu izana, eta herritarrek pentsatzen zutena Udal Gobernuari aurrez aurre azaltzeko aukera izatea». Aldiz, negatibotzat jo dute «galdeketen gaiak sortu duen segurtasun falta edo mesfidantza».

Horren aurrean, eta «etorkizunean hutsune berak saiheste aldera», herritarren parte hartzea bermatuko duen ordenantza bat sortuko du udalak, eztabaida eta galdeketek oinarri bat izan dezaten. «Ordenantza horrekin, galdeketa erreferendum edo bestelakorik egin beharra suertatuko balitz, bere berme eta ondorio ofizialak izango lituzke» dio udalak zabaldutako oharrak.

Bide horretan eman beharreko lehen pausua azaroaren 4an eman zuten, Udalean Parte Hartze Batzordea sortuz, herrian ordezkaritza duten alderdi guztiekin adostasunarekin.

Datorren urte hasierarako ordenantza hori idatzita egotea da udalaren helburua, eta herritarrek prozesu horretan parte hartzeko aukera izango dute. Emun ahokularitza enpresaren laguntza ere izango du udalak, azaroaren 4an egin zen bilera hartan erabaki zen moduan, «proiekturik osoena aurkeztu baitzuen».

Ordenantza egiteko pausu gehiago emango ditu, eta herritar eta eragilerekin bilduko da udala, «ahalik eta pluraltasun gehien sor dadin».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!