Tantaz tanta, botez bote! pilota jaialdi berezia jokatuko da larunbatean

Mikel Iraola 2013ko aza. 27a, 08:24
Eskualdeko pilotariak biltzeaz gain, euskal aurpegi ezagunak izango dira Behar Zana frontoian 18:00etatik aurrera

Larunbat honetan, euskal preso eta iheslariei elkartasuna adierazteko, eta bide batez, datorren urtarrilaren 11n Bilbon egingo den mobilizazio erraldoiean parte hartzeko deialdia egiteko pilota jaialdi berezia egongo da Amasa-Villabonan. Tantaz tanta, botez bote! lelopean, eskualdeko pilotari eta bertsolariak, eta beste pertsonaia famatuak bilduko dira Behar Zana pilotalekuan, 18:00etatik aurrera.

Lehen partida, 22 urtez azpikoek jokatuko dute, eskuz binaka. Aitor Ormazabal Artzai eta Mikel Otaño, Eneko Maiz eta Gaizka Iruretagoienaren aurka arituko dira nor baino nor. Bigarrenean, afizionatu mailako bi pilotari, bi profesional ohirekin izango dira kantxan. Iñaki Lizaso eta Asier Arrutik osatuko dute bikote bat, eta Iker Urmeneta eta Pello Martinez de Eulatek, bestea.

Arratsaldeko hirugarren eta azken partida izango da guztietan bereziena, pilotariak beharrean, Euskal Herriko aurpegi ezagunek hartuko baitute parte. Alde batetik, Nerea Alias, telebistako aurkezlea eta Alex Txikon, alpinista, aizkolari eta abentura gizona arituko dira. Beste bikotea Zuriñe Hidalgo, Hesian taldeko abeslariak eta Anjel Alkain aktore eta aurkezleak osatuko dute.

Pilota partidez gain, bertsolariak ere izango dira Behar Zana pilotalekuan: Aritz Mujika, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal, hain zuzen.

Jaialdi berezi honetarako sarrerak hiru euroko salneurria izango du, eta hamabi urtez azpikoak doan sartuko ahal izango dira. Bestalde, taberna zerbitzua ere izango da, eta saski baten zozketan parte hartuko dute bertaratzen diren guztiek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!