«Birziklapen tasak irauli egin dira, eta Europako puntan kokatzen gaitu horrek hondakinen kudeaketan». Galder Azkue Amasa-Villabonako alkateak Tolosaldeko Atariari adierazi dio «iraultza» eman dela hondakinen kudeaketan, eta herritarrak zoriondu ditu, «haien lanari esker» gertatu baita aldaketa. Amasa-Villabonako Udalaren arabera, atez ateko bilketaren ondorioz lortu dira emaitza ikusgarri horiek.«Hainbeste zalaparta eta gero, eta herritarren esfortzuari esker, asmatu dugu hartutako bidearekin».
Dena dela, tentuz mintzo da, datuak oraindik oso berriak direlako: «Dagoeneko, hondakinen %80 gaika biltzea lortu dugula esan daiteke, baina hilabete gutxi daramagu oraindik sistemarekin». Izan ere, uztailean jarri baitzuten martxan bilketa sistema berria. Hala, sistema egonkortu eta hilabete batzuk gehiago igaro arte ezingo da jakin benetan zenbat tona hondakin gutxiago bideratzen duten zabortegira. «Baina datu erreala da jaitsi egin dela kopurua, eta herritarren gehiengo zabalak atez ateko sisteman parte hartzen duelako gertatu da hori»; alkatearen arabera, herritarren ia %90k parte hartzen du bilketa sistema berrian.
Datuei erreparatuta, alderik handiena organikoaren datuetan nabaritu dute; sortzen den hondakin guztiaren erdia izaki, errefusari zuzenean %50 kendu baitiote atez atekoari esker. Hala, egun, hondakinen %20 soilik eramaten dute zabortegira; atez ateko bilketa sistema jarri aurretik, berriz, %74 eramaten zuten.
Hondakinak biltzeko sistema berri hau martxan jarri aurretik ere biltzen ziren gaika hondakin batzuk, baina ohitura ez zegoen orokortua eta ondorioz, emaitzak ez ziren orain bezalako onak. Egun, ordea, bikoiztu edo hirukoiztu egin dira paperaren edota ontzi arinaren bilketa datuak.
Bide malkartsua
Gaur egungo egoerara iristeko bidea, ordea, ez da samurra izan Amasa-Villabonako Udal Gobernuarentzat, eta aitor du beti ez dutela asmatu. «Herrian oso giro txarra zegoela jarri zen indarrean atez atekoa, bizilagun batzuek ez zuten ezertxo ere jakin nahi kontu honekin». Eragile batzuek galdeketa egin zuten ateaz ateakori buruz, hainbat bizilagunek boikota egin zioten... «Baina denborak gauzak bere onera ekarri ditu; hori erakusten dute datuek: atez atekoarekin biltzen den hondakinaren kopurua handituz doa, eta errefusa kopurua jaisten».
Herritarrek egin behar izan duten esfortzua handia izan dela aitortzen du Azkuek: «Etxeetako sukaldetaraino sartu gara, hondakinak ez zituztela ondo kudeatzen esan diegu, eta konpromisoa eskatzen duen sistema bat jarri dugu martxan». Baina udal hauteskundeetara aurkeztu zirenean agindu zutena bete dutela gaineratu du, «kontsekuente izan gara».
Hondakinekin mendiak betetzen ezin delako jarraitu eta errauskailua ez delako alternatiba erabaki zuen Bilduk atez ateko sistemaren aldeko apustua egitea. «Marra gorriak horiek ziren». Hortik aurrera, bai oposizioko alderdiekin bai herritarrekin eztabaidarako irekita egon direla zehaztu du alkateak.
Gizarteratze prozesua delakoarekin, Amasa-Villabonako Udalak herritarren iritziak jasotzeko prozesua jarri zuen martxan atez atekoa indarrean jarri aurretik. Bilera horietan 600 bizilagun inguruk parte hartu dutelako pozik dago alkatea, «eta hainbat elkarte eta eragilerekin ere bildu ginela gaineratu behar da». Bilera horiek ez ziren «itxurakeria» hutsa izan; esaterako, bertan proposatu zen papera eta kartoia biltzeko edukiontziekin jarraitzea. Eta gaur egun, hala biltzen da papera Villabonan. «Atez ateko zintzilikarioak non jarri erabakitzeko ere eman zuten iritzia herritarrek».
Galdeketei buruzko udal ordenantza bidean
Udala herritarrei zabaltzea da Galder Azkue eta oro har Amasa-Villabonako Udal Gobernuaren asmo nagusia. Baina parte hartzearen kulturak indarra hartzeko denbora behar duela dio: «Aurrena jendea informatu behar da». Horregatik, udalean hartzen dituzten erabakien berri emateko eta hango eguneroko martxa jendaurrean azaltzeko argitalpenak, atari digitalak eta beste ari dira antolatzen.
Informatzearen osteko pausua, iritzia ematea eta eztabaidatzea izan ohi da. Eta iritzia emateko aukera laster izango dute herritarrek: 2014ko aurrekontu proposamenaren inguruan, abenduan, galdetegi bat jasoko dute etxean aurrekontu proposamenari iruzkinak egin diezaizkioten.
Ildo beretik, eta herritarren parte hartzea sustatzeko, beste urrats bat egingo du udalak etorkizun laburrean: herri galdeketei buruzko udal ordenantza. «Atez atekoari buruzkoa egin zenean, argi ikusi zen hutsune bat genuela alor horretan», zehaztu du Galder Azkuek. Galdeketak oso gai serioa direla eta ondo arautu behar direla dio. Hala, aholkularitza enpresa batekin elkarlanean eta oposizioko alderdien oniritziarekin hasi dira taxutzen udal ordenantza berria.