LIBRE eguna antolatu dute Villabonan

Eneritz Maiz 2013ko aza. 15a, 13:45
Mikel Ayestaran gazteari eta Iratzar elkarteko kideei elkartasuna adierazteko LIBRE eguna antolatu dute Amasa-Villabonan. Hilaren 23an, larunbatean izango da, eta egun osoko festa egingo dute. Libre ekimenetik herritar guztiei ekimenetan parte hartzeko deia egiten diete: "gurekin batera elkartasunetik konpromisorako zubia igaroz"

Pasa den urrian gazte independentisten eta ezker abertzaleko hainbat kideren aurkako epaiketak abiatu ziren Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Madrilen garatzen ari diren epaiketa hauek beste zigor erantsi bat ere badutela ekarri dute gogora Libre ekimenekoek: "Auzipetuak eta beren familiak egin beharreko desplazamendu eta egonaldiek sortzen dituzten gastu handiei aurre egin beharrean aurkitzen dira. Epaiketa hauek guztira 1.000.000 € inguruko gastua izango dutela aurreikusten da".

Mikel Ayestaran eta beste 34 gazte atxilotu zituen Polizia Nazionalak. "Inkomunikatuta egon zen egunetan poliziaren aldetik tratu txarrak jasan behar izan zituen eta epaiketarik gabe urtebete inguru kartzelan iragan ostean, orain berriz askatasuna galtzeko arriskuan dago", azaldu dute ekimeneko kideek. "Hau guztia lan politikoa egiteagatik. Gazte militantea izateagatik. Ez dago eskubiderik", gaineratu dute. Bestalde, "Iratzar elkartea ere arrisku bizian daukagu", azaldu dute.

Aipatutako guztiagatik, eta auzipetuei elkartasuna eta babesa adierazteko, duela 2 hilabete Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala Villabonan ere LIBRE ekimena martxan jartzea erabaki zuten. Festa egun honen helburua, "herri elkartasuna bultzatzea eta aipatutako gastuei aurre egiten laguntzeko elkartasun ekonomikoa bideratzea da".

Egitaraua:

11:00. Herri kirolak errebote plazan (eguraldi txarrarekin Behar-zana frontoian). Amasa, Villabona, Zizurkil eta Asteasuko taldeak izango dira lehian.

Ondoren. Sokatira desafioa. Villabona, Tolosa eta Andoaingo taldeen artean.

13:00. Mosaikoa Malkar plazan.

14:30. Herri bazkaria Berdura plazan (eguraldi txarrarekin Kultur etxean) 

17:00. Erraldoi eta buruhandiak errebote plazatik.

18:00. Bertso triki poteoa herriko kaleetatik.

22:00. Kontzertua Berdura plazan. Desira eta Gorkore taldeekin.

Amaitzeko DJa izango da Gaztetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!