Amasako gazteak, parrandarako beti prest

Ataria 2013ko azaroaren 14a

San Martin jaietan Gazteen Eguna berezia da; 50 gazte inguru elkartu dira eta baserrietara alaitasuna eraman dute

Beste urtebetez, Amasako gazteek ez diote huts egin bere egunari. San Martin festetan egun berezia izaten dute gaurkoa beraientzat, eta ederki aprobetxatzen dute.
Goizean goizetik hasita,  baserriz baserri ibili dira eskean, Amasa guztitik zehar. Ez dute antolakuntza handirik behar, Oihana Iguaranek azaldu duenez: «Trikitilariak lotuz gero, denak dakigu goizeko seietan non egon behar dugun, eta urte guztian asko ikusten ez bagara ere, egun honetan beti biltzen gara kuadrilla handia».
50 lagun elkartu dira eta bi talde egiten dituzte, horietako bat goiko baserrietara joaten da eta bestea behekoetara. «Amasako baserri guztiak pasatu nahi izaten ditugu, eta hainbeste izanik, goizean goiz abiatu arren, erdiak egiteko denbora bakarrik ematen digu eta horregatik bi taldetan banatzen gara», zehaztu du Iguaranek. Egutegian gorriz markatutako eguna izaten da Amasako gazteentzat, eta kanpoan bizi direnak ere elkartzen dira egun horretarako.
Giro ederrean bizi dute eguna, eta parranda bikaina egin ohi dute. Baserrietan ere harrera ez da nolanahikoa: jatekoa, eta edatekoa ere ugari. Gazteek, ordainetan, trikiti doinuak, dantza eta alaitasuna ematen diete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!