Amasak datorrek azaroaren 11an San Martin eguna ospatuko badu ere, asteburuan ospakizunen aurrerapena izango dute Villabonako auzoan. Ostiralean, azaroaren 1ean, Amasako III. Azoka Bereziari ekingo zaio.
Amasako frontoian orotariko elikagai eta artisautza postuak egongo dira bizilagunen zein bisitarien eskura. Erosketak goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean egiteko aukera egongo da.
Ainhoa Barandiaranek, festaren antolatzaile den Martina Kultur Elkarteko kideak jakinarazi bezala, doako autobus zerbitzua eskainiko dute Amasa bitartean, goiz osoan zehar: «Santu guztien eguna izanik eta Amasako plazan kotxe pilaketak saihestu nahian, trafiko neurriak hartu ditugu». Arantzabitik aurrerako errepidea itxita egongo da, bizilagunentzat izan ezik. Gainontzekoek beraz, autobus zerbitzua erabiltzeko aukera izango dute. Autobusa Olaederra kiroldegitik abiatu eta Arantzabin geldialdia egingo du, kotxea bertan aparkatu dutenentzat.
Azaroaren 3an, igandean, berriz, III. Euskal Herriko mendiduatloi zirkuitoa egingo da Amasan. Goizeko 11:00etan hasita, parte-hartzaileek, 3,86 kilometro egin beharko dituzte korrika, 17,79 kilometro bizikletaz eta bukatzeko, beste 1,62 km korrika. Amasako errepidea itxita egongo da 10:45-13:30 bitartean.