Txomin Castro: alaitasun doinuen mezulari

Mikel Iraola 2013ko urr. 16a, 14:27
Txomin Castro tronpetajole bikaina zen
Larunbatean, Txomin Castro 'Domingin' tronpetajolea oroituko dute Amasa-Villabonan; bere umore eta alaitasunak egin zuen handi

Alai bezain eskuzabal. Horrela gogoratzen dute gertukoek Txomin Castro billabonatarra. Euskal Herriko eta beste hainbat lekuetako txoko guztiak zeharkatu zituen tronpeta hartuta bere txarangarekin. Bere umorea besteei transmititzeko zuen ahalmenak egin zuen ezagun leku horietan guztietan.                                                                                           

1945eko azaroaren 18an jaio zen Amasa-Villabonako Kale Nagusian, amaren sabelean zazpi hilabete zeramatzala, hortik Zazpiki edo Sietemesino izengoitiak. Jaiotzean, kotoiz babestutako zapata kaxa batean Tolosako ospitaleko inkubagailura eraman zuten.

Herrian, berriz, Domingin deitzen zioten. Baina horiek ez ziren izan zituen ezizen bakarrak, izan ere txarangarekin pasatzen zen leku bakoitzeko hamaika izenez ezagutzen zuten, Vinagrillo, Magras, edota Kalanbres, besteak beste.

Gaztetan, Villabonako Ubarretxena musikariarekin lehen tronpeta eta solfeo klaseak jaso zituen, eta 16 urte zituela Hernaniko bandan ekin zion musikari ibilbideari. Tolosako Musika Bandarekin ere aritu zen jotzen hainbatetan.

Festarik festa

Baina musika bandez haratago, festa giroa zen Domingin-ek gehien atsegin zuena. Horrela, Los Pomposos izeneko fanfarrearekin dozenaka herrietako kaleak alaitzen ibili zen. Gilito, taldeko zuzendariarekin ere umorezko sketch-etan ere parte hartu zuen. Hura utzi eta gero, Polito y sus Anastasios fanfarrearekin izan zen hainbat urtetan. Los Fifos berbena taldearekin ere ibili zen denbora tarte batean, besteak beste, Goizuetako Tiffanitxo dantzalekua alaitzen.

Hala ere, tronpetajole gisa urterik gehien Incansables txarangan eman zituen. 1971. urtean, Ergobiako jaiak alaitzen ari zirela, Estanko tabernan txaranga bat sortzea erabaki zuten Kanario, Paotxa, Pipas, Zapa eta Domingin berak. Oso gustuko zituen Lesaka eta Iruñeako San Ferminak, baita Leitzako jaiak eta Tolosako inauteriak ere. Txaranga 2000. urtean utzi bazuen ere, nohizean behin laguntzera joaten zen. Horretarako beti prest izaten zen.

Andoni Elosegik urteak eman zituen bere alboan txarangan: «Txikitatik, jotzen ikusten nituenetik arreta piztu zidan, jotzeko eragatik, baita izateko moduagatik ere. Txarangan sartu nintzenean, gehiago ezagutu eta pentsatzen nuen ikuspuntu hori berretsi zen» dio Elosegik. Berarentzat, «berezia» zen Txomin.

Herriz herri, ordu asko eman zituzten batera, eta dudarik gabe, bere umore ona azpimarratu du Elosegik: «Batzuetan goizeko lauretan iristen ginen etxera jotzetik, eta bederatzietarako berriz ere furgonetan geunden beste nonbaitera bidean. Nekatuta egoten ginen, baina bera sartu orduko berriz ere jai giroa nagusitzen zen.Irri eginarazten zuen».

«Pertsona handia»

Txaranga eta musikaz gain, familia eta Behar Zana elkartea ziren Castroren bizitzako beste bi ardatz nagusienak. Orokorrean, «pertsonak maite zituen. Berdin zitzaion nor zuen parean. Ospetsua ala ez, edo izan aberatsa edo txiroa, berdin tratatzen zituen pertsona guztiak. Pertsonekin harreman ona izateko sen berezi hori zuen». Gorputzez txikia bazen ere, alaitasun eta eskuzabaltasun horrek egin zuen handi Domingin, Zazpiki, Siete edo Txomin.

Larunbat gauean omenaldia egingo diote Villabonan

Gaixotasun bati denbora luzez aurre egiten ibili ondoren, apirilaren 11n zendu zen Txomin. Gertukoengan aztarna utzi zuen eta horren esker modura, omenaldi bat egitea otu zitzaien bere txarangako kideei: «Neurri handi batean, Incansables txaranga hain ezagun egitea, Txominek eragindako haziari zor zaio, jendearekin erlazionatzeko zuen erraztasunagatik», dio Andoni Elosegik.

Txominek txarangarengatik, eta oro har, pertsonengatik egindako guztia bere horretan ezin utzi litekeela ikusita sortu zen omenaldiaren ideia. «Familiari, lagunei, eta Villabonako herriari proposamena bota genien eta segituan onartu zuten. Argi zegoen, zerbait egin behar zela, eta zerbait hori Villabonan bertan izan behar zela».

Hasiera batean, eguneko ospakizun bat egitea pentsatu zuten. Behar Zana pilotalekuan herri bazkari bat egitea ere bururatu zitzaien, baina azkenean gauzak aldatu beharrean izan ziren: «Bazkariari dagokionez trabak izan genituen lekua aurkitzeko, eta omenaldiari zegokionez, geroz eta jende gehiagok eskaini zuen bere burua eta izaera aldatu genion».

Modu horretan, 18:30ean emango zaio hasiera. 20:00etan, kontzertu omenaldia egingo dute: «Incansables txarangan parte hartu dugunok 45 laguneko banda moduko bat eratu dugu eta denok batera arituko gara. Oinkari dantza taldea, V.O.S. Cuartet, Ainara eta Joana Ortega, eta bertsolariak ere izango dira. Karlis argazkilariak ere ezagutu zutenen testigantzekin bideo bat eratu du eta bertan proiektatuko da». Horren ondoren, Aburuza sagardotegira joango dira denak batera, eta gauean, Incansables Txaranga ibiliko da giroa alaituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!