Enplegu zerbitzua zabaldu dute Villabonako Katea etxean

Asier Imaz 2013ko urr. 8a, 11:55

Tolosaldea Garatzenek enplegu zerbitzua zabaldu du Villabonako Katea etxean. Ostegunero zabalduko dute 09:00etatik 13:00etara.

Aiztondo bailarako langile eta langabetuek, eta oro har, eskualde osokoek, enplegu zebitzu berria dute Villabonako Katea etxean. Mintzola egoitzaren ondoan dagoen eraikinean zabaldu du bulegoa Tolosaldea Garatzenek, lan munduaren inguruko informazioa banatu eta beharrean denari laguntzeko helburuarekin. Ostegunero egongo da zabalik enplegu zerbitzua, 09:00etatik 13:00etara.

Tolosaldea Garatzenek, orain arte, Lanbiderekin koordinatutako enplegu zerbitzua Ibarrako Apatterrekan zuen kokaturik, hau da, Lehiberri eraikinean. Aiztondo inguruko herritarrei "urruti xamar" gelditzen zitzailea eta, zerbitzu bera Villabonan jartzea erabaki zuten, eta behar horren erantzuna da Katea etxeko bulegoa. Leire Otaegik zabalduko ditu ostegunero enplegu zerbitzuko ateak. Lanbiderekin koordinatuta lan egiten dutenez, honen zerbitzu gehienak eskaintzen dituztela dio Otaegik: "Lan eskaintzak gestionatzeaz gain, Lanbideko kurrikulumak aldatu genitzake; hiru hilabetero altan egon behar da Lanbiden berriztaturik egoteko, eta hori ere egin genezake...". Horretaz aparte, Tolosaldea Garatzenen gainerako zerbitzuak ere Villabonako Katea etxean egongo dira: "Orientazioa eskaintzen dugu, hau da, lana bilatzeko edo prestakuntza edukitzeko laguntza bat eskaintzen dugu; ikastaroei buruzko informazioa, nola bilatu lana, nola egin kurrikulamak, inguruko merkatua eta enpresen egoera, pertsonak motibatzeko teknikak, teknologia berriak lana bilatzeko nola erabili...".

Leire Otaegiren esanetan, lan merkatua ez dago geldirik, horregatik, "oso garrantzitsua" da ahalik eta aukera gehien aztertzea, eta ez geldirik egotea: "Langabetu kopurua lan eskaintza horiekin alderatuz gero, handiagoa da, baina saiakerari jarraipen bat eman behar zaio. Badugu sentsazio bat, zentzu batean, eskaintzen den zerbitzuea behar bezala aprobetxatzen ez denarena. Hona etorri eta berak nahi zuen espektatiba betetzen ez denean, jende bat ez da gehiago itzultzen. Gauzak mugimenduan daude, lan eskaintza berriak sortzen dira, enplegu programa berriak sartzen dira, formakuntza ikastaroak... gero eta informazio gehiago izan hobe da". Enplegu zentroko langilearen esanetan, orduan eta ate gehiago irekitzeak, beldurrak gutxitzea dakar, eta bide horretan hara eta hona ibiltzea ezinbestekoa da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!