Amasa-Villabonako udaleko kultura sailak jakinarazi du dagoeneko aurtengo ikasturterako ikastaroen eskaintza. Urte osorako kultur ikastaroak eta denbora tarte jakin baterako ikastaroak eskainiko ditu. Lau dira urte osoko ikastaroak: Egur lanketa; zaharberritze eta arte aplikatuak; gazte eta helduentzat, eta haurrentzat pintura ikastaroak. Epe laburreko ikastaroen artean, berriz, argazkigintza digitala eta ogitarteko tailerra daude.
Izena emateko epea urriaren 3ra bitartean izango da zabalik, eta horretarako kultur sailak udaletxean duen bulegora joan beharko da. Bertako ordutegia 09:00etatik 14:00etara bitartekoa da. Taldea osatzeko gutxieneko ikasle kopurua osatzen ez bada, udalak taldea bertan behera utz dezake. Kasu horretan, billabonatarrek lehentasuna izango dute, eta izen ematera lehen etorri direnek ondoren. Informazio gehiagorako, 943691655 telefono zenbakira deitu edo kultura@villabona.es helbidera idatzi daiteke.
Ikasturte osokoak
Egur lanketa. 90 orduko ikastaroa da, eta Sacemen izango da. Urriaren 7an izango da lehen klasea. Ordutegi aldetik bi aukera daude, astelehenetan biak. Bata, 14:30etik 17:30era bitartean, eta bestea 17:30etik 20:30era. Villabonan erroldatutakoek 225 euro ordaindu beharko dute, eta gainotzekoek, berriz, 317 euro.
Zaharberritzea eta arte aplikatutak. Bitxigintza, tapizgintza, brikolajea eta mota askotako eskulanak irakatsiko dira. 90 ordukoa da, eta hau ere Sacemen izango da. Astelehenetan 17:00etatik 20:00ra bitarte izango da. Billabonakoentzat 190 euro balioko ditu, eta gainontzekoentzat 298 euro.
Pintura. Gazte zein helduentzat. 60 orduko ikastaroa da, eta Larrea, 20an izango da. Urriaren 8an hasiko dira klaseak. 12-16 urtekoak asteartetan bilduko dira 17:30etik 19:30era; helduak berriz, asteazkenetan 16:00etatik 18:00etara, edo 18:00etatik 20:00etara. Prezioa 127 eurokoa da billabonatarrentzat, eta 236 eurokoa kanpokoentzat.
Pintura haurrentzat. 30 orduko ikastaroa da. Larrea 20an emango da, eta urriaren 10etik aurrera hasiko dira eskolak. 4 eta 7 urte bitartekoak astelehenetan 17:15etik 18:15etara, edo ostegunetan ordu berean joan ahal izango dute. 8 eta 11 urte bitartekoak, berriz, ostegunetan 18:45etik 19:45era. Billabonatarrentzat kuota 88 eurokoa da eta besteentzat 116 eurokoa.
Ikastaro motzak
Argazkilaritza digitala. 26 orduko ikastaroa da, urriaren 7tik azaroaren 9ra bitartekoa. Astelehen eta asteazkenetan izango da 19:00etatik 21:00etara. Bi larunbatetan saio praktikoak egingo dira kalean. Ikasleek beren kamera eraman beharko dute. Billabonatarrentzat 65 euro balio ditu, eta kanpokoentzat 80 euro.
Ogitarteko tailerra gazteentzat. Ogitarteko errazak ikasteko tailerra, Javi Rivero eta Eneko Amondarain Basque Culinary Centerreko ikasleekin. 12-14 urte bitartekoentzat saio bat egingo da azaroaren 8an, 17:00etan. 14 urtetik aurrerakoentzat azaroaren 29an izango da 17:00etan. Izen emateko epea urriaren 7tik 31ra egongo da zabalik.