Bihar hasi eta igandera bitarte Garagardo Azoka izango da Amasa-Villabonan, Jesusen Bihotzaren Txermin ikastetxeko jolastokian. Gipuzkoako garagardo azokarik zaharrena da Irrintzi elkarteak antolatzen duena. Lehenengo azoka Intxaurrondokoa izan bazen ere, gaur egun zaharrena da Villabonakoa. Aurten 17. aldiz antolatu dute, eta inguruan arrakasta izatea lortu du.
24 garagardo mota dastatzeko aukera izango da. Gutxi gorabehera, 15.000 litro inguru izango direla aurreikusi dute.
Edariaz gain, jateko ere aukera zabala izango dute bertaratzen direnek: Bratwurst eta Frankfurt motako saltxitxak, haragi pastela, alemaniar entsalada, entsalada freskoa, Nabarrito erara egindako patatak, muskuiluak tomatearekin, batxuri erara egindako langostinoak, eta nola ez, hain famatu bilakatu den ukondoa. Postrerako, berriz, Idiazabal gazta, eta gazta mota berarekin egindako gazta tarta izango dira.
Hirugarren urtez jarraian prezioak mantenduko dituzte krisi garai honetan ahalik eta jende gehien gerturatzeko asmoz. Horrenbestez, botilak hiru eurotan salduko dira, eta pitxarrak 3,5ean.
Gozamenerako aukera ere izango da, izan ere, hainbat emanaldi izango direla aurreratu dute antolatzaileek, baina oraindik horretan lanean dihardute.
Guztia ondo atera dadin, ehunka pertsonen laguntza ezinbestekoa da; egunero, 80 eta 100 pertsona bitarte arituko dira laguntzen. Era berean, aurreko urteetako arrakasta bera errepikatzearekin pozik geratuko liratekeela aitortu dute.