Amasa-Villabonako Sortu
Hiru urte joan dira dagoeneko, San Joan gau malapartatu hartan, Korsikatik mezua jaso genuela. Mikel, urruneko ospitale ilun batean zendu zen, billabonatarrok ez genekien non zegoen hura, itsasoa zeharkatu genuen, berandu iritsi ginen hil kaperara, hilik ikusi genuen azkenekoz, betiko Mikel, argal eta irmo. Gogor borrokatu zen gaixotasunaren aurka. Gogor borrokatu zen bizitza osoan ere. Mikel borrokalaria zen hitzaren zentzu osoan. Bizitza eskaini zion egitasmo bati.
Independentzia eta sozialismoaren aldeko militante konprometitua zen.
Kartzela, deserria, bere kide izan eta gero, hura salatzea poliziaren aurrean, ezkutuan bizi beharra, elkartasuna, maitasuna, aitatasuna, Korsikako herriaren maitasuna... oso poliedrikoa zen Mikel, etsaiak izan zitezkeenak ideologikoki, bera gordetzen laguntzeko konkistatzen zituen.
Mikel legez kanpo bada ere, bizitza oso bat eraikitzeko gai izan zen. Gogorra zen Mikel.
1990 bere aita zena ere, Mikel Zalakain, espetxean hil zen, gaizki artatutako bihotzekoak emanda, Martutenen. Hura zaindu behar eta egin ez zuten medikuak gaur ziurrenik beste preso batzuk zaintzeko zereginetan jarraituko dute edo agian estatuak ohoratu ditu gaizkia egitearren. Euskal disidentzia erasotzea beti izan baita sari espainiar erreinuan. Etxe bereko, familia bereko aita eta semea, borroka baten kate begi, biak bat eginda, Euskal Herriarekiko maitasunez lepotik helduta.
Borrokatzen den herriak soilik lortzen ei ditu helburu handiak, eta gureak borrokatu du, zinez eta gogor borrokatu eta ondorio latzak ere ekarri dizkio. Baina gaur inoiz baino gertuago dago independentziaren talaiatik. Eta borrokatu garelako gaude bizirik, herri gisan. Mikel ez zen lehena izan baina azkena izatea nahi dugu. Azkena izatea nahi dugu XXI. mendeko Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko aukera gure esku hartu behar dugulako.
Muxu bat amona Piliri, lerro hauek idazten ari garela, jakin badakigulako bere bihotzeko mina sendatzea oso zaila dela. Baina esan behar genuen.