Villabona.dok zikloaren barnean sei dokumental proiektatuko dira Gurean

Ataria 2013ko apirilaren 30a

Gurea zinema antzokia bizirik, erakargarri eta edukiz betea mantendu, eta ohiko programazioaren kalitatea hobetzeko helburuarekin, Villabona.dok dokumental zikloa antolatu du Amasa-Villabonako udalak datorren hilabeterako.

Maiatzaren 6tik hasita, ekainaren 10era bitarte, astelehenero (21:00etan), zine programaziotik kanpo geratu ohi diren sei dokumentalek osatuko dute zikloa. «Fikziozko filmez gain, beste proposamen batzuei ere ateak zabaldu nahi izan dizkiegu, izan ere, dokumentala ere zinema da», azaldu du ekimenaren aurkezpen ekitaldian Nora Urbizu kultura eta euskara zinegotziak.

Euskaraz, gazteleraz, edota jatorrizko hizkuntzan daude filmak, eta orotariko gaiak jorratzen dituzte. Zikloa irekiko duen Hijos de las nubes dokumentalak, esaterako, Mendebaldeko Sahararen egoera kontatzen du. Gainontzekoek, aldaketa klimatikoa (Habia una vez una isla), mendi erreskateak (Pura Vida), indarkeria-ezaren aktiboa (Ziztadak), menopausia (Mujeres sin pausa) eta produktu elektronikoen zaharkitze programatuaren (Comprar, tirar, comprar) gaiak jorratzen dituzte.

Dokumental hauek azken bi urte hauetan zehar ekoiztutakoak diren arren, «ikusteko interesgarriak» direla adierazi du Joxean Cubero kultur dinamizatzaileak.

Herritarren erantzuna, baina, ezinbestekoa izango dela azaldu du Cuberok, eta horregatik, pelikulen sarrerak prezio eskuragarrian jarri dituzte. Dokumental bakoitza ikusteko sarrera hiru eurokoa izango da; aldiz, zikloko film guztiak ikusteko bonua hamabi eurotan erosi ahal izango da.

Gurea suspertu nahian

Villabona.dok Gurea aretoa suspertzeko bidean «lehen urratsa» izatea espero dutela esan du Urbizuk: «Gureak proiektore digitala izango du udazkenetik aurrera. Apustu handia da hori gurea bezalako herri batentzat. Gainera, orain Villabonako Udaleko Kultura Saila arduratzen da programazioa aukeratzeaz, kultur irizpideak, ekonomikoen gainetik jarriaz. Konfiantzaz egingo dugu apustu hori, ikusleek gure ahalegina eskertzen jakingo dutela seguru gaudelako. Espero dugu ekarpen horrek pelikula berriak Villabonan bizkorrago estreinatzen eta zinema programazio zabal, anitz eta malguago bat izaten lagundu dezan».

Ohiko programazioan txertatu baino, ziklo moduan oihartzun handiagoa izango duelakoan antolatu dute Villabona.dok. Ondo joanez gero, hurrengo urteetan errepikatzeko asmoa daukatela adierazi du Urbizuk: «Espero dugu, aurrerantzean ere  film laburrak eta ohiko eskaintza arruntetik ateratzen diren beste proposamen batzuk ere ikustea».

Egitaraua

Maiatzak 6

Izena. Hijos de las nubes.

Zuzendaria. Alvaro Longoria.

Hizkuntza. Gaztelaniaz.

Gaia. Mendebaldeko Sahararen egoera, modu didaktikoan.

Maiatzak 13

Izena. Habia una vez una isla.

Zuzendaria. Briar March.

Hizkuntza. Ingelesez eta takuuz; azpitituluak gaztelaniaz.

Gaia. Aldaketa klimatikoaren ondorioz, Pazifikoko Takuu uhartearen errealitatea.

Maiatzak 20

Izena. Pura Vida.

Zuzendariak. Pablo Ibarburu eta Migueltxo Molina.

Hizkuntza. Gaztelaniaz, euskarazko azpitituluekin.

Gaia. Iñaki Ochoa de Olza mendizale nafarra birizik erreskatatzeko operazioa.

Maiatzak 27

Izena. Ziztadak.

Zuzendariak. Oriol Andres, Carlos Castro eta Gemma García.

Hizkuntza. Euskaraz.

Gaia. Indarkeria-eza aktiboaren estrategiak, justizia soziala lortzeko baliabide gisa.

Ekainak  3

Izena. Mujeres sin pausa.

Zuzendaria. Paula Palacios.

Hizkuntza. Gaztelaniaz

Gaia. Herrialde ezberdinetako emakumeek nola bizi duten menopausia.

Ekainak 10

Izena. Comprar, tirar, comprar.

Zuzendaria. Cosima Daronnitzer.

Hizkuntza. Gaztelaniaz

Gaia. Produktu elektronikoen zaharkitzapen programatua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!