Amasa-Villabonako Udaletik azaldu dutenez garai zailak bizi ditu Gurea zinema aretoak. Etorkizuna izan dezan, hainbat ekimen antolatu dituzte, eta horietako bat, herritarren parte hartzeari dagokiona da: «Ahalegintzen ari gara film programazioa hobetzen. Ahalegintzen ari gara kalitatezko emanaldiak ematen, estreinatu eta denbora gutxira. Era berean, ikusleen parte hartzea handitzen ari gara. Horregatik, ongietorriak izango dira zuen galderak, iradokizunak eta ekarpenak».
Parte hartzeko, herritarren eskura helbide elektroniko bat jarri dute udaletik: kultura@villabona.net. Ekarpenak egiteko aukera horrekin batera, Gurea aretora joateko bonoak jarri ditu udalak. Ikusleek 15 euroko bonoak erosten baldin badituzte, ordainetan bost sarrera jasoko dituzte. Bono bakoitza pertsona batek baino gehiagok erabil dezaketela azaldu dute udaletik, baita film emanaldi berean ere. Modu honetara, Gurea aretora bonoarekin joaten denak, emanaldia 3 euroren truke ikusteko aukera izango du. Orain salgai dauden bonoek apirilaren 30era bitarteko iraupena dutela azaldu dute udaletik.
«Ez dugu etsiko»
Udal zinema areto gehienak, krisiaren eraginez, garai zailak bizitzen ari dira. Sektoreak bizi duen krisia ez da nolanahikoa, Amasa-Villabonako Udaletik azaldu dutenez. Hala eta guztiz ere, ez daude etsitzeko prest, eta «Gurea aretoa iraunarazteko apustu garbia» egingo duela azaldu du udalak. Bide horretan, enpresa kudeatzaile berri baten aldeko apustua egin dute, udalaren esku hartzea areagotuaz: «Helburua kalitatezko programazio baten alde egitea da; ikusle kopuru aldetik minimo batzuk betetzen dituena, irizpide ekonomista hutsen menpe egon gabe».
Gurea aretoa bezalako kultur baliabide bat estimatu beharra dagoela diote udaletik, eta duen balioa apreziatu beharra dagoela gaineratu dute. Horregatik, ikusleei bertara gerturatzea eskatu diete.