Santio Jaien historia biltzen duen argazki erakusketa antolatu du Amasa-Villabonako Udalak ekainaren bigarren hamabostaldirako. Erakusketa horretarako, material bilketa egiten ari da orain udala, eta herritarren laguntza eskatu du.
Hasiera batean, jaietako egitarau zaharrei buruzko erakusketa bat egitea zen asmoa, baina udalaren artxiboa arakatzen hasi eta erakusteko moduko material asko zegoela konturatu ziren.
Esate baterako, Villabonako Udal Artxibategian, Santio Jaien inguruan aurkitu zuten lehen berria 1622koa da. Ondoren, XIX. mendera arte ez dago gauza gehiegi. Handik aurrera, eta batez ere, XX. mendean, datu gehiago daude.
Kultura sailak, orain, herritarren eskura jarri nahi du ondare hori, ohiturak ezagutu eta jaiei buruz gehiago jakiteko helburuarekin. Ondare hori ahal bezain handia eta aberasgarria izan dadin, herritarrei material zaharra biltzen laguntzeko eskatu diete.
Modu horretan, 1980 aurreko argazki edo bideoak, edota 1967 baino lehenagoko jai egitarauak eskatu dituzte, baita interesgarriak izan daitezkeen beste elementuak, hala nola, jantziak, kartelak, gutunak, eta abar.
Material hau, udaletxeko lehen solairuan dagoen Kultura saileko bulegoetan utzi beharko da apirileko astelehenetan, 09:00etatik 14:00etara. Dena delako material horren kopia bat egin, eta jabeari itzuli egingo zaio momentuan, baldin eta kopiagarria den.
Argibide gehiago emateko, kultura@villabona.net helbidera idatzi edota 943691655 telefono zenbakira deitu daiteke.
Erakusketa hori, ekainaren bigarren hamabostaldian egingo da Gurea antzokiko erakusketa aretoan, ekainaren 17tik 29ra, hain zuzen.
Musika tresnen erakusketa
Bestalde, zabalik da leku berean, Euskal Herriko herri musikako tresna tradizionalen erakusketa. Erakusketaren ordutegia, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:30etara, eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara da.