«Gizarte moduan arazo larri bat dago birziklapenari dagokionean». Horixe izan zen, atez ateko hondakin bilketa sistemaren inguruan, herritarren kezka, galdera eta kritikak entzuteko udalak antolatutako eztabaida irekian Galder Azkue, Amasa-Villabonako alkateak ondorio gisa botatakoa.
Hezkuntza eta kontzientziazio arazoez ari zen, amasa-villabonatar batek, eskoletan, umeekin lanketa bereziren bat egin behar ote zuten galdetu ondoren: «Udalak bere esku dagoen guztia egiten eta egingo du, baina askok ez dute behar bezala birziklatzen. Igande arratsaldeetan zenbait plaza ikusi besterik ez da. Hori ez da udalaren edo eskolaren bitartez ikasten, etxean baizik».
Kontzientziazioari eta garbitasunari lotuta, zaborrez gainezka zeuden edukiontziak eta lurrean botata zeuden zabor-poltsak ageri ziren argazkiak erakusten ari zela, atez ateko sistema zikina dena diotenei mezu bat bidali zien Azkuek: «Ez dago sistema zikinik, gure jarrerak egiten ditu zikin».
Atez ateko sistema aukeratzearen arrazoia –alkatearen esanetan– birtziklapen tasa altuena bermatzen zuela izan zen: « Hasieran berdin zitzaigun, atez atekoa, ala bostgarren edukiontzia izan. Esan nahi dudana da ez dugula kapritxoz egin. Guk birtziklapen tasa txarrak aldatu nahi genituen, eta hainbat azterketa kontsultatu ostean, eraginkorrena atez ateko sistema zela ondorioztatu genuen. Esango baligute bostgarren edukiontziarekin tasa hobeak lortuko genituzkeela, ba, aurrera. Baina ez da horrela».
«Inposizioa ez, inplantazioa»
Atez atekoa ezartzea inposizioa dela diotenentzat ere zer esana izan zuen Azkuek: «hauteskunde programetan argi azaldu genuen ez genuela errauste plantarik nahi gure inguruan, ezta beste inon ere, eta atez atekoaren alde egingo genuela. Beraz, ez dugu azpijokorik erabili».
Hauteskunde horietan gehiengoa lortu zuen Bilduk, beraz, «inposiziorik izan ez dela» berretsi zuen: «Bozka eman zigutenek bazekiten zeren aldeko apustua egingo genuen. Gehiengoa lortu genuen, eta horrek esan nahi du herritarren konfiantza daukagula aldaketa hori aurrera eramateko. Beraz, ez da inposiziorik izan, inplantazioa baizik».
Bilketa sistema berria abian jarriko zutela adierazi zutenetik aurrera sortutako eztabaida politikoaz penatuta azaldu zen alkatea. «Guk ere zer ikusia izango dugu horretan, baina Euskal Herritik kanpo ados jartzeko gai diren alderdiekin ezin izan dugu adostasun batera iritsi hemen. Gaurko eztabaidara etortzeko gonbita zuten, baina nahiago izan dute inkomunikazioan jarraitu, eta horrek ez dio mesederik egiten inorri».
Epe luzeko onurak
Eztabaida politikoan gehiago sakondu gabe, atez atekoak, herriari onurak ekarriko dizkiola adierazi zuen Azkuek. «Gaur egungo sistemak 150.000 euroko defizita sortzen dio udalari. Atez atekoarekin bilketa garestiagoa da jende eta baliabide gehiago suposatzen dituelako, baina luzera konpentsatu egiten da, gastuak murriztu egiten direlako, eta diru-sarrerak handitu».
Alkatearen esanetan, udalak 400.000 euro gutxiago ordaindu beharko dizkio mankomunitateari. «Usurbilen esaterako, urtean, 120.000 euro gutxiago kostatzen da sistema berria». Gainera, beira, ontziak eta paperaren birziklapen tasak handituko direnez, tratamendura bidaltzeagatik diru gehiago jasoko du udalak.
Dena den, herritarrek hondakinak biltzeagatik ordaintzen duten 80 euroko tasa igotzera behartuta daudela esan zuen alkateak: «Ez dugu igoko bilketa sistema berriagatik, duela urtetatik defizita daukagulako baizik». Dena den, konposta egiten duenak, hobariak jasoko dituela aurreratu zuen alkateak.