Emaitza onak lortu ditu Danok Danena taldeak Euskal Herriko Txapelketan

Ataria 2013ko apirilaren 9a

Aiztondo Euskal Herriko halterofilia pultsularien sorleku kuttunenetako bat da. Urteak daramatza Danok Danena taldeak kirol hau gustuko duten gazteak kirolari moduan hezten, eta emaitza onak lortzen. Horren erakusle izan dira, larunbatean Amasa-Villabonako Olaederra kiroldegian jokatutako Euskal Herriko Txapelketan lortutakoak.

Nesken mailan, banakako modalitatean, txapeldun izan ziren Susana Davila billabonatarra, 58 kilo bitartekoen artean, eta Goretti Amonarriz larrauldarra, 63 kilotik beherakoetan. Puntuazio orokorrean bigarren eta hirugarren izan ziren, hurrenez hurren.  

Gizonezkoen mailan, denetarik izan zen. Lyan Edel Rodriguez billabonatarra txapeldunorde izan zen 56 kilo bitartekoen artean. 69 kilokoen mailan, berriz, bi zizurkildar izan ziren lehen bi postuetan. Igor Sasiain izan zen garaile, eta Asier Gallego bigarren. 77 kilotik beherakoen artean, Jon Sasiainek bigarren postuan amaitu zuen. 85 kilokoen artean, beste bi billabonatar podiumeko lehen bi postuetan, Jon Ander Iriarte eta Francisco Gonzalez. Teddy Martinez zizurkildarra ere irabazle izan zen 94 kilokoen mailan.

Taldeka ere, nagusi

Taldeka, Gipuzkoako selekzioa izan zen hoberena. Danok Danena taldeko gazteek eta Zarauzko Ion Mendizabalek osatzen zuten taldeak 207 puntu eskuratu zituen. Bigarren Bizkaia izan zen 189 punturekin. Brontzea nafarrentzat izan zen, 186 punturekin, eta laugarren postuan amaitu zuen Arabak 123 punturekin.

Federaziokako sailkapena ere gipuzkoarrek irabazi zuten, 1.572 puntu lortu eta gero. Ia 100 puntuko aldearekin garaitu zituzten 1.479 punturekin amaitu zuten bizkaitarrak. Nafarroa, 1.343 punturekin, hirugarren izan zen, eta 1.295 lortu zituen Arabak.

Emaitza horiekin oso gustura agertu da Batis Kortajarena, Danok Danena taldeko prestatzailea. Bere ustez, «lan bikaina egin eta uste baino hobeto» ibili dira berak entrenatzen dituen pultsulariak.

Madrilera bidean

Euskal Herriko Txapelketan lortutako emaitza onek, Espainiako Txapelketan izateko ateak ireki dizkiete eskualdeko bederatzi pultsulariei.

Datorren maiatzaren 27an, beraz, zazpi mutil eta bi neska izango dira Madrilen: Igor Sasiain, Jon Sasiain, Teddy Martinez, Jon Ander Iriarte, Francisco Gonzalez, Asier Gallego, Susana Davila eta Goretti Amonarriz. Hauekin batera ere, euskaldunen ordezkaritza osatuz, Mikel Alvarez bizkaitarra izango da.

Kortajarena baikor azaldu da txapelketa horietan emaitza txukunak lortzeko. «Nesken mailan, beren pisuetan garaile izateko gai ikusten ditut Goretti eta Susana. Kontutan izan behar da hamabost urteko neskatxak direla». Irabazten ez badute ere, esperientzia ezinhobea izango dela adierazi du prestatzaile billabonatarrak, izan ere, beren adineko txapelketak geroago jokatuko dira.

Mutilen kasuan, Igor eta Jon Sasiain, Teddy Martinez eta Mikel Alvarez bizkaitarra domina lortzeko lehian ikusten ditu: «Emaitza onak lortzeko gai dira, eta lehen hiru postuetan ibili daitezkeela uste dut. Gainontzekoek ere lan txukuna egin dezakete, eta ikusi beharko da aurkariek ere zer nolako maila erakusten duten. Hala ere, guztiak finalisten artean izango direla iruditzen zait». Bitartean, orain arte moduan jarraitu beharko dute lanean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!