Bai Euskal Herriari-ren eskaerak onartu dituzte

Ataria 2013ko martxoaren 20a

Amasa-Villabonako Udalak, Bai Euskal Herria-ri ekimenak, ikurrinaren alde proposatu zituen eskaerak onartu ditu.

Otsailean, lau puntuko proposamena aurkeztu zuen herriko ikurrinaren aldeko, eta Espainiako bandera jartzeko inposizioaren aurkako taldeak. Lau eskaera horietan, Euskal Herriaren eta ikurrinaren defentsa egiteko irtenbideak ematen zituzten: kale izendegian Euskal Herria izena edota zazpi herrialdeenak sartzea; kaleren bati izena aldatzea; herriko sarreretako seinaleetan, Ongi Etorri Billabonara, Ongi Etorri Euskal Herrira mezuarekin batera armarriaren irudia ipintzea; udalaren helbidean, baita paper ofizialetan ere, armarriarekin batera, Euskal Herria terminoa erabiltzea; eta herriko leku esanguratsuenetan ikurrinaren presentzia bultzatzea.

Udala, eskaera horiek onartu, eta une honetan, aldaketa horiek kudeatzen ari dira. Epe laburrean aldaketak nabarituko direla adierazi dute Bai Euskal Herriari ekimenetik. Era berean, udalaren erantzuna txalotu nahi izan dute ekimenekoek, «herriaren nahia horixe delako». Gainera, elkarlan hau beste herrietara zabaltzeko deialdia luzatu nahi izan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!