Amasa-Villabonako Behar Zana Pilota Elkarteak aukeratu berri du aurrerantzean pilota eskolako ordezkari lanak egingo dituen pertsona. Igandean egindako batzar orokorraren ondoren, Imanol Arruti izendatu zuten eskolako arduradun.
35 urteko zizurkildarra, gazte gaztetatik pilotaren munduari lotua izan da Arruti, eta gaur egun, eskuz aritzen da trinketean. Iaz, gainera, Gipuzkoako Eskuz Binakako Trinkete Txapelketaren finala jokatzera iritsi zen. Lanari, ilusio eta gogo handiz ekingo diola baieztatu du Arrutik.
Izen ematea, irekita
Antolaketan eman diren aldaketen ondorioz, pilota eskolako izen ematea ireki du berriro elkarteak. Eskuko, palako, joko garbiko edo erreboteko modalitateetako ikastaroak eskaintzen ditu. Interesatuek, Villabonako pilotalekura agertu beharko dute astelehen edo astearteetan, 17:30ak eta 19:00ak bitartean, edota 647 781 410 zenbakira deitu.