Amasa-Villabonako udalbatzak 2013ko aurrekontuak onartu zituen iragan astean, eta horietan, 125.000 euroko partida azaltzen zen Zero Zabor politikan sakontzeko. Udaletik azaldu dutenez, diru hori ez da soilik atez ateko hondakin bilketa sistema ezartzeko, gaikako bilketan sakontzeko baizik.
Zero Zabor politika horren barruan, auzokonpostaren aldeko apustua egin nahi du Amasa-Villabonako Udalak: «Helburua, etxeko hondakinen sorrera auzolanean murriztea da». Auzokonposta bultzatzeko, Rosa Arregi Ingurumen zinegotziak eta Alaitz Bilbao ingurumen teknikariak herrian martxan jarriko duten kanpaina aurkeztu zuten iragan ostiralean.
Arregiren esanetan, auzokonposta gauzatzeko udalak beharrezkoak diren material guztiak emango ditu, eta «modu egokian» egiten denaren jarraipena egingo du: «Jakina da hondakin onena sortzen ez dena dela. Konpostatzeak hondakin organikoa ongarri bihurtzea suposatzen du. Baina guztiok ez dugu aukera etxean autokonposta egiteko. Horregatik, bizilagunen artean, eta eremu publiko bat horretarako egokituz, autokonpostatze bateratua egiteko aukera emango dute zabalduko diren gune horiek».
Izena emateko baldintzak
Auzokonpostan parte hartu nahi duten herritarrek 943 69 21 00 telefono zenbakira deitu dezakete, edota udal bulegoetara hurbildu, 08:00etatik 14:00etara. Izena emateko epea otsailaren 22an amaituko da. Horretarako hainbat baldintza betetzea eskatuko du udalak, hala nola, antolatuko den ikastaroan parte hartzea, Amasa-Villabonan erroldaturik egotea, eta eskaera etxebizitzaren jabearen izenean egitea.
Izena ematen duten lehendabiziko 60 familiek izango dute ikastaroetan bat-batean hasteko aukera. Gainontzekoak, itxarote zerrenda batera pasako dira, eta ondorengo hilabeteetan hasi ahal izango dira ikastaroetan.