Otamendik Berria Taldearen egoera ekonomikoa larria dela azaldu du

Ataria 2013ko urtarrilaren 11

Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendariak Berria Taldearen egoera ekonomikoa zein den argi eta garbi azaldu zuen herenegun, Villabonako Mintzolan eskaini zuen hitzaldian. Euskarazko egunkariaren azken urteetako bilakaera azaltzearekin batera, aurrera begirako erronkak aipatu zituen, eta horien artean, Ziztada ekimena dago, hau da, herritarren eta eragileen artean, diru laguntza bilketa.

‘Diru poltsa’ pasa aurretik, ordea, puntu horretara nondik, nola eta zergatik iritsi diren azaldu zuen Otamendik, beti ere, euskarazko egunkari baten aldeko proiektuaren garrantzia azpimarratuz.

Amasa-Villabonako Euskaran ados! lan mahaiak antolatu zuen hitzaldia, Amasa-Villabonak ziztada Berriari ekimenaren barruan. Mintzolan 30 lagun inguru elkartu ziren, eta egunkari baten barne funtzionamenduaren inguruko hamaika anekdota entzuteko aukera izan zuten. Hitzaldiaren ildo nagusia, ordea, Berria Taldearen egoera ekonomiko larria izan zen.

Eredu aldaketa

Martxelo Otamendik komunikabideetan eredu aldaketa eman dela azaldu zuen. Azken urteetan, bi krisi egon direla azpimarratu zuen, ekonomikoa eta informazioari dagokiona. Bigarren hau azaltzerako garaian, datu esanguratsu bat aipatu zuen: «Duela urte batzuk, egunkariaren aurrean, bataz beste, 45 minutu egoten zen irakurlea, gaur egun, 20 minutu». Informazio «serioagoa» jasotzeko interesa gutxitu egin dela ondorioztatu zuen Berriako zuzendariak. Frankismoaren ondoren, interes hori gorengo mailan ibili zela azaldu zuen Otamendik, egunkaria besazpian ematea, irudi kontu bilakatu zelarik.

Teknologia berrien eta internet sarearen bilakaera ere kontuan hartu zituen eredu aldaketaz hitz egiterako garaian. Etorkizuna oraina dela azaldu zuen, eta punta-puntan egoteko beharra aldarrikatu zuen, «beste hizkuntzekin batera, euskara ere hor egon dadin».

Krisi ekonomikoaren inguruan, publizitatearen beherakada nabarmendu zuen tolosarrak, «bi urtetan, milioi t’erdi eurokoa». Horrek, diru laguntzen jaitsierarekin batera, azken bi urteetan galerak sortu ditu Berria Taldean. Zuloari buelta nola eman pentsatzen hasi zirenean, Herrialde Katalanetatik etorri zitzaien ziztadaren ideia.

Ideia aztertzen hasi zirenean, 500.000 euroren beharra ikusten zuten, ondoren ordea, zenbakiek egoeraren larritasuna agerian utzi zuten, eta behar hori, 700.000 eurora igo zen.

Ziztada ematea edo diruz laguntzea, proiektuari babesa ematea dela azaldu zuen Martxelo Otamendik, hau da, hilean 10 euro bilduaz, proiektuaren jarraipena bermatu nahi dela aipatu zuen. Orain arte lortutako emaitzarekin oso gustura daudela gogoratu zuen Berriako zuzendariak, jadanik, 500.000 eurora gerturatzen ari direlako. Ziztadaren iraupena kezka iturri bilakatu dela ere aipatu zuen tolosarrak, izan ere, egoera ekonomikoak horrela jarraitzen badu, ziztadaren beharra izango baita ondorengo urtean ere.

Euskarazko egunkariari urte guzti hauetan babesa azaldu dien guztientzako esker oneko hitzak izan zituen. Amasa-Villabonaren kasuan, herriko hainbat eragile ziztadaren inguruan bildu izana azpimarratu zuen, lan horretan Berria Taldeari laguntzeko prest azaldu izana eskertuaz.

Villabona-Amasak ziztada Berriari ekimenak gaur bertan izango du jarraipena, Gurea antzokiko jaialdiekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!