Liburu trukea eta zaintzari buruzko jardunaldia, bihar

Bihar arratsaldean bi hitzordu izango dituzte Altzon: Batzarremuño aretoan zaintzari buruzko jardunaldia egingo dute; eta zimiterioan, berriz, liburu trukea.

Altzoko Udalak antolatuta bi jarduera egingo dituzte bihar arratsaldean. Batetik, Batzarremuño aretoan zaintzari buruzko jardunaldia egingo dute beste leku batzuetan martxan jarri dituzten ekimenak ezagutzeko. Eta, bestetik, liburuak trukatzeko aukera izango da zimiterioan.

Zaintzari buruzko saioa 17:30ean hasiko da, eta hiru esperientzien berri emango dute: batetik, Donostiako Erlauntza proiektua aurkeztuko du Sorkunde Jacak, eta eragileen arteko sarea, konfiantza eta koordinazioa nola lantzen dituzten azalduko du, besteak beste; bigarrenik, Matiako Etxean Bizi ekimenaz ariko da Maider Azurmendi, eta etxean bizitzen jarraitzeko arreta eredua zein laguntza ezberdinen arteko koordinazioa nola lantzen dituzten kontatuko du; eta, hirugarrenik, Iruñeko Etxekonak Bat proiektuko Markos Garijo eta beste kide batek azalduko dute komunitatean nola prestatzen dituzten elkarbizitzatik zaintzea, autonomia, elkarrekiko laguntza eta zahartzaroa.

Liburu trukea, berriz, 19:00etatik 20:00etara egingo dute zimiterioan, eta ekimenean edonork hartu ahal izango du parte. Etxetik liburu bat eraman beharko dute parte hartzaileek, eta hori uztearen truke beste liburu bat eraman ahal izango dute etxera. Udaletik nabarmendu dute ezingo dela libururik utzi besterik hartu gabe.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!