Askotarikoak dira Euskal Herrian hegazti espezieak ikusteko parajeak, eta horiek oso ondo ezagutzen ditu Maite Laso Peña (Altzo, 1987) Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologoak eta eraztunleak. «Babestutako espeziek ikusteko ez da beharrezkoa mendira joatea; edozein tokitan daude», esan du. 20-21 urterekin, uda oso bat igaro zuen Hondarribian hegaztiei eraztunak jartzen, eta gaur egun ornitologiari buruzko askotariko proiektuetan lan egiten du ikertzaile moduan.
Txikitatik gustatu izan zaizu ornitologia?
Beti izan dut biologiarekiko interesa, baina zientzia oso zabala da. Biologiaren barruan, animaliak gustatu izan zaizkit. Batxilergoan nengoela, itsas biologia ikastea zen nire ametsa, zetazeoak oso gustuko nituelako, baina azkenean biologia ikasketak egitea erabaki nuen. Eskolako irakasle batek esan zidan ez nuela horretarako balio, ez nuelako ondo marrazten, eta zelulak marrazten jakitea beharrezkoa zela. Orain argi esan dezaket ez dela hala. Une honetan, nire bizitza da ornitologia, eta ez naiz damutzen hartutako erabakiaz.
Oroitzen duzu haurtzaroan animalietarako zaletasuna zenuela?
Etxean beti izan dugu naturarekiko harremana, eta mendira joateko ohitura handia. Anaiak, esaterako, basozaintza ikasketak egin zituen. Nik txikitatik ditut gustuko animaliak.
Altzon jaio izanak izango zuen eragina horretan.
Natura eta animaliak oso gertu daude bertan.
Bilbon ikasi zenuen biologia. Hiru urte egin zenituen, eta Madrilen zoologian espezializatu zinen.
Lehen urteetan ikasgai orokorrak izan genituen; niri zoologia gustatzen zitzaidan gehien. Zalantzak izan nituen itsas biologiarekin, baina azkenean zoologian espezializatu nintzen, ikuspegi zabalagoa izateagatik. Ikasgai guztiak ziren animaliei buruzkoak, eta Bilbon ez zegoen halakorik. Gero, Lurreko Ekologia eta Biodibertsitatearen Kudeaketaren Masterra egin nuen Bartzelonan.
Urteek aurrera egin ahala, argi zenuen ornitologian lan egin nahi zenuela?
Madrilera joan aurretik, eraztunak jartzen hasi nintzen Hondarribiko Txingudiko estazioan. 20-21 urte nituen, eta praktikaldia egin nuen udan bi hilabetetan. 05:00etarako Hondarribian egoten nintzen, egunsentia baino ordubete lehenago egon behar genuelako bertan sareak jartzen. Esperientzia hura asko gustatu zitzaidan. Gero, Madrilen izandako zenbait irakasle ornitologoak ziren, eta haien bitartez hasi nintzen hegazti gehiagori eraztunak jartzen. Beraz, udara hura oso garrantzitsua izan zen niretzat.
Zertarako jartzen zaizkie eraztunak hegaztiei?
Hegaztiak ikertzeko teknika bat da. Hegaztiari eraztun metaliko bat jartzen zaio, ondoren jarraipena egiteko. Eraztun bakoitzak zenbakizko kode bat izaten du; hegazti bakoitzaren kodea bakarra da munduan, autoko matrikula edo NANaren zenbakia bezala. Gure kasuan, Aranzadirenak dira eraztunak. Elkartea 1949az geroztik ari da eraztunak jartzen; aitzindaria da horretan. Behar edo interes bat ikusi zuten, hegaztien migrazioan Euskal Herria lurralde garrantzitsua delako.
Aranzadiko eraztunleon lana, gainera, mundu mailako kudeaketa baten parte da. Guk herrialde gehiagotako hegaztiak jasotzen ditugu, eta Europa mailan bada datu-base bat, guztien informazioa jasotzen duena. Bi milioi hegazti baino gehiago daude erregistratuta Aranzadiko datu-basean. Ikaragarria da. Beste animalia batzuetan ez bezala, hegaztien kasuan, datuen kudeaketa oso ona da.
Askotariko datuak jasotzen ditugu. Batetik, migrazio-patroiak, nondik nora mugitzen diren ikusteko. Bestetik, hegaztien adina. Badira errekor bitxiak. Esaterako, hegazti bati lehen aldiz eraztuna jarri eta 36 urtera topatu zuten berriro, eta Araban eraztuna jarri zioten enara bat Hego Afrikan azaldu zen, 8.500 kilometro egin eta gero.
Iaz, doktoretza-tesia egin eta ‘Euskadiko hegaztien migrazioa eraztunketa-datuen arabera’ liburua argitaratu zenuen.
Inbentario moduko bat da, 100 urtetako datuekin egindakoa. Euskal Herrian berreskurapenekin zer gertatzen den azaltzen da liburuan. Eraztuna jarritako hegazti bat berriro hartzea eta aztertzea da berreskurapena. Beste teknika batek ematen ez duen informazioa ematen du, hegaztia bigarren aldian zein egoeratan aurkitu den, alegia. 100 urte baino gehiagoko datuak direnez, garai bakoitzean zein hegazti espezie berreskuratu diren eta Euskal Herrian berreskuratzen diren hegaztiak zein jatorritakoak diren azaltzen da liburuan, zenbait espezieren fitxekin batera. Berreskurapen zaharrena 1914koa da. Berreskurapenekin ondorioztatu dugu ehizak Euskal Herrian garrantzi handia izan duela, eraztuna jarritako hegaztien
% 65 ehizaren bitartez berreskuratu direlako.
2011. urtetik Aranzadiko Eraztuntze Bulegoko eraztunle aditua zara, eta gaur egun, Eraztunle Batzordeko kidea.
Gure eraztuntze bulegoak pisu handia du Aranzadin, eta oso garrantzitsua da estatu mailan. 150.000 eraztuntze kudeatzen ditugu urtean, eta 600 eraztunle baino gehiago ditugu. Aranzadiren izena mundu guztira zabaldu da, Ameriketan edo Hego Afrikan baitaude gure eraztunak dituzten hegaztiak.
«150.000 eraztuntze kudeatzen ditugu urtean, eta 600 eraztunle baino gehiago ditugu»
Hala ere, eraztunleon lana oso kontrolatuta dago. Edonork ezin du eraztunle izan; bi urteko formakuntza egin behar da, eta ondoren, azterketa bat gainditu. Gurea, gainera, babestutako jarduera bat da. Ezin gara edonoiz eta edonon eraztunak jartzen aritu. Proiektu zientifiko baten barruko lana izaten da, metodologia zientifiko batekin egin beharrekoa. Gipuzkoan badugu talde antolatu bat, eta udaberriko ugalketa garaian eta neguan aritzen gara lanean. Duela gutxi, Bidania-Goiatzen jarri berri duten estazioa batu da Gipuzkoan daudenen sarera.
Bestetik, Aranzadiko Ornitologia Saileko formakuntza, sentsibilizazio eta ingurumen-hezkuntza arloaren arduraduna zara. Zein ardura edo funtzio dituzu?
Hegaztiak ikertzen ditugu, haien populazio-datuak izan eta nola kudeatu jakiteko, betiere kontserbaziorako helburuarekin. Atlasak dira gure ikerketa-lerro garrantzitsuetako bat. Hegaztien banaketa, ugaritasuna eta joerak jakiteko balio dute. 2019an Donostiakoa argitaratu genuen, eta 2024an Euskal Herrikoa. Aurten Gasteizkoa argitaratuko dugu, eta Iruñerrikoa egiten ari gara. Lauzpabost urteko ikerketa-lanaren emaitza izaten da. Askori entzun izan diot lehen baino hegazti gutxiago daudela, baina ikerketa munduan jakin behar da kuantifikatzen; zenbat eta non dauden jakin behar da, ondoren babesteko eta kudeaketa-planak egiteko.
Jarraipen programak ere egiten ditugu. Hegazti espezie bakoitzak bere programa dauka; ez dituzte lagin berdinak izaten. Horri esker, zenbat eta non dauden, ugaltzen ari diren eta kontserbazio arazorik dagoen jakiten dugu. Azkenik, dibulgazioari lotuta, ikastaroak eta hitzaldiak egiten ditugu.
Gainera, proiektu ugari ditugu martxan. Garrantzitsuenetako bat enarena da. Enara azpizuriek eta sorbeltzek gure etxeetako fatxadetako zuloetan, teilatu inguruetan, egiten dituzte habiak. Gaur egun, arazo bat dugu. Fatxadak berritzen dituzten tokietan, ugaltzeko lekua galdu dute, eta gainbeheran doa espezie hauen kopurua. Migratzaileak dira, intsektuak jaten dituzte, eta babestuta daude; beharrezkoak ditugu gure artean. Gainera, bitxiena da beti itzultzen direla habi berera.
Duela gutxi, jardunaldi bat egin genuen Tolosan, zenbait arkitekto eta ingurumen teknikarirekin, arazo honen aurrean zein urrats eman erabakitzeko. Bartzelonako kasua ezagutu genuen, bertako udal teknikarien eta Kataluniako Generalitatekoen eskutik, eta ondorioztatu genuen beharrezkoa dela arazoa konpontzeko kudeaketa bat. Hirigintza teknikariak konbentzitzea da zailena, baina irtenbide asko daude. Gainera, gizartean geroz eta sentsibilizazio handiagoa dago. Kontua da, klima aldaketagatik geroz eta fatxada gehiago isolatzen direla, eta hori ez da bateragarria aipatutako arazoarekin.
Lehen esan duzu Euskal Herria hegaztien migraziorako leku garrantzitsua dela. Zergatik?
Iparraldetik datozen hegaztiak Kantauri Itsasoarekin eta Pirinioekin egiten dute topo. Inbutu moduko bat sortzen da, eta hegazti migratzaile asko geratzen dira gure artean.
Udazkena migrazio garaia izan ohi da. Mugimendu handia espero duzue?
Mugimendu handieneko garaia izaten da. Sahara igarotzen duten hegaztiak dagoeneko pasatu dira Txinguditik, esaterako, enarak. Aurten, gauza oso polita gertatu da Andoainen. 3.000 bat enara bildu ziren lo-leku batean, eta horietatik 2.000ri eraztun bana jarri zien Aranzadik.
«Oro har, duela hamar urte baino hegazti espezie gutxiago dugu munduan; beraz, ezinbestekoa da daudenak babestea»
Gaur egungo egoera klimatikoak nola eragiten du hegaztien migrazioan?
Asko ari da aldatzen. Sahara igarotzen duten hegaztiak ohi baino lehenago pasatzen dira hemendik. Zenbait espeziek, berriz, ez dute migratzen, eta penintsularen hegoaldean geratzen dira. Zikoinak, esaterako, lehen migratzaileak ziren, eta orain sedentarioak dira. Europa iparraldetik datozen eta Sahara gurutzatzen ez duten hegaztiak, berriz, migrazioa atzeratzen ari dira. Migrazio-bidea arriskutsua da, eta beste latitude batean baldintza berdinak izanez gero, bertan geratzen dira. Oro har, duela hamar urte baino hegazti espezie gutxiago dugu munduan; beraz, ezinbestekoa da daudenak babestea.
Gai zara hegaztiak kantuen bidez identifikatzeko?
Ohikoenak bai. Hala ere, oso txarra naiz horretan. Inguruan badut jendea ia denak dakizkiena. Begiekin hobeto identifikatzen ditut.
Zure ofizioan badago genero arrakalarik?
Oso maskulinizatua dago. Herrialde askotan aritu naiz teknikari eta eraztunle, eta zenbaitetan izan dut gizonezkoek baino gehiago demostratu beharraren sentsazioa edo nik esandakoak eta gizonezko lankide batek esandakoak balio bera ez izatearena. Hori bai, inoiz ez dut arazorik izan, eta lankide eta boluntario oso jatorrak izan ditut inguruan. Nabarmentzekoa da gaur egun eraztunleen azterketa gainditzen duten gazteen artean erdia baino gehiago emakumeak direla. Oso pozik gaude.
Nola datoz belaunaldi berriak? Badute hegaztiekiko interesik edo sentsibilizaziorik?
Ezagutza, oro har, jaitsi egin da, baina uste dut duela hamar urte baino sentsibilizazio handiagoa dagoela, behintzat, biologia munduan murgiltzen direnen artean. Administrazioaren aldetik, ez dut berdina pentsatzen. Orain, plazak eta parkeak berritzen dituztenean, asfaltoa jartzen dute, eta berdegunerik ez; biodibertsitatearen ikuspegitik eta gaur egungo klima aldaketaren testuinguruan, harrigarria da.
MOTZEAN
Hegazti bat? Apo-hontza. Migratzailea da, txikia eta soinu bereizgarria du.
Eskualdeko naturagune bat? Aralar.
Hegaztiak ikusteko tokirik onena? Txingudiko padura.
Euskal Herriko txoko bat? Otsabio mendia.
Ornitologo izan ez bazina... Itsas biologoa izango nintzateke. Biologian beti ari zara ikasten; ez da inoiz amaitzen.

