Altzoko jaiak 2026

Sasoi bikaina dute altzotarrek

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko abuztuaren 2a

Arratsaldean, herritar gaztetxoen, gazteen eta gazte sentitzen direnen arteko desafioa egin dute Altzoko plazan, San Inazio jaien azken egunean.

Azken orduak dituzte Altzoko San Inazio jaietan. Une honetan, Zeatikez musika taldea kontzertua egiten ari da Batzarremuñoko terrazan, eta gauean zahagi ardoa eta kantu afaria izango dituzte herriko plazan. Goizean, haurrak eta helduak izan dira protagonista. Lehenik, haurren txirrindulari proba egin dute, eta ondoren, hamaiketakoa eman diete. Eguerdian, berriz, txakolin probaketaren eta toka txapelketaren txanda izan da.

Arratsaldean, gazteek hartu diete testigua. Gazteek, eta gazte sentitzen direnek. Hiru taldetan banatuta, desafioa egin dute herriko plazan; gaztetxoak berdez aritu dira, gazteak urdinez eta helduak arrosez. Askotariko probak egin behar izan dituzte, erreleboka: 50 kiloko harria bost aldiz jaso, herriari korrika bi itzuli eman, zaku barruan lau plaza egin, sagarrak kizkiarekin jaso, maleta bateko arropa guztia jantzi, lokotxak bitan jarri eta bildu, orga gainean plazari bi itzuli eman, txingekin lau plaza egin eta ingudea 100 aldiz altxa.

Gazte sentitzen direnak zuzenean finalean zeuden, eta beste bi taldeen artean finalerdia egin dute. Hasieran, urdinak aurreratu dira, eta bazirudien erraz irabaziko zutela, baina probak igaro ahala, berdeak gerturatu egin dira. Azkenean, urdinek lortu dute garaipena, eta ondorioz, finalera sailkatu dira. Finalean, arrosak jarri dira aurretik hasieran, eta korrikako probaren ondoren, gerturatu egin dira urdinak. Finalean ere, azken proban erabaki da dema, eta urdinek lortu dute garaipena.

Horrelako desafioetan ohikoa den moduan, ez da tranparik falta izan, baina guztia lehia sano baten barruan izan da. Familiako senideen arteko lehiak ere izan dira tartean, eta guztiek arratsalde ederra igaro dute. Parte hartu ez duten herritarrek bikain erantzun dute, asko izan dira ikustera joan direnak eta giro ederra sortu da plazan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!