Eguerdian hasi da eguna altzotar askorentzat. Atzo festetako egun handia ospatu zuten, San Inazio eguna, eta paella prestaketarekin hasi dute gaurko egitaraua; ondoren, bazkaria egin dute. Bazkal ondoren, haurrak izan dira mahaitik altxatzen lehenak. Izan ere, jolasean aritu dira, Txatxilipurdi taldearen eskutik.
18:00etan heldu da gazte eta helduen festarako txanda, Matraka elektrotxarangarekin. Lezoko musika taldeak doinu ezagunak jo ditu eta dantzan jarri du plaza. Iluntzean zahagi ardoan afalduko dute altzotarrek, eta gauerditik aurrera musika izango da protagonista. Lehenik, Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak kontzertua egingo du. Ondoren, DJ Txekorren txanda izango da. Goizaldera, berriz, txokolatea banatuko dute eta eguna amaitu eta biharamuna hasteko gaupaseroen argazkia egingo dute.
Egun osoan zehar kalera mozorrotuta ateratzeko deia egina zuen jai batzordeak. Aurtengo gaia Euskal kultura izan da, eta zenbait ideia original nahiz tradizional ikusi dira: euskal hiriburuetako festetako pertsonaiak, Lourdes Iriondo, Korrika, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Tolosaldea Arraun Kluba...
Bihar izango dute festetako azken eguna, eta honakoa da prestatuta duten egitaraua:
- 10:30. Haurren txirrindulari proba.
- Ondoren. Haurrentzako hamaiketakoa.
- 12:00. Txakolin probaketa.
- Jarraian. Toka txapelketa.
- 17:00. Herriko gazteen arteko apustua.
- 19:00. Zeatikez musika taldea.
- 20:30. Zahagi ardoa eta kantu afaria herriko plazan.