Altzoko jaiak 2026

Jendetza bildu da bertsolarien urteko plaza kuttunenetako batean

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko uztailaren 31

Altzoko San Inazio jaietan egun handia dute gaur; urtero moduan, bertso saioa egin dute eskolako jolastokian, eta bertsozale mordoa joan da ikustera.

Iaz baino ordubete lehenago ezarri zuten aurten Altzoko San Inazio festetako bertso saioa; gaur izan da, San Inazio egunean. Iaz 19:00etan hasi zuten saioa, baina gero sagardo dastaketa izaten denez, aurten aurreratzea erabaki zuten. Bada, uste baino luzeago joan da, tartean, argia joan baita. 18:00etan zen hastekoa, baina atzerapen pixka batekin igo dira oholtzara sei bertsolariak, Pello Olano gai-jartzailearekin.

Zenbait bertsolarirentzat, urteko plaza kuttunenetako bat da Altzokoa, eta horren erakusle izaten da urtero kantura joaten den bertsolari taldea. Aurten, honako hauek aritu dira bertsotan: Maddi Ane Txoperena, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Andoni Rekondo.

Eta bertsolarientzat plaza kuttuna bada, zenbait bertsozalek egutegian gorriz markatuta izaten duten horietakoa da; Tolosaldean egiten direnen artean, jendetsuenetako bat. Aurten ere, bertsozale ugari joan da Imaz Bertsolaria eskolako jolastokira; herritarrak ez ezik, inguruko herrietatik ere joan dira. 300 aulki inguru jarri dituzte antolatzaileek, eta saioa hasi baino minutu batzuk lehenago ia denak beteta zeuden. Zenbaitek zutik jarraitu behar izan dute bertsolarien jarduna.

San Inazio egun handia amaitzeko eta astebururako honako egitaraua dute Altzon:

  • UZTAILAK 31, OSTIRALA
    • 21:00. Sagardo dastaketa.
    • 00:00. Izer eta Alabier eta Imanol Astiasaran eta Unai Andonegi trikitilariak.
  • ABUZTUAK 1, LARUNBATA
    • 12:00. Paella prestaketa.
    • Ondoren. Bazkaria.
    • 17:00. Ume jolasak Txatxilipurdiren eskutik.
    • 18:00. Matraka elektrotxaranga.
    • 20:30. Zahagi ardoa.
    • 00:00. Aldapeko basque Latin Jazz musika taldea. 
    • Ondoren. DJ Txekor.
    • Goizaldera. Txokolatea eta gaupaseroen argazkia.
  • ABUZTUAK 2, IGANDEA
    • 10:30. Haurren txirrindulari proba. 
    • Ondoren. Haurrentzako hamaiketakoa. 
    • 12:00. Txakolin probaketa.
    • Jarraian. Toka txapelketa.
    • 17:00. Herriko gazteen arteko apustua.
    • 19:00. Zeatikez musika taldea.
    • 20:30. Zahagi ardoa eta kantu afaria herriko plazan. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!