Gaur Zubiak solastuz. Gorputzak eta maskarak emanaldia estreinatuko dute Iratxe Retolaza (Donostia, 1977) idazleak eta Ekhiñe Zapiain bertsolariak. Hitzordua Altzoko ostatu gaineko lokalean izango da, 19:00etan, eta Lanku kultur zerbitzuek ekoitzitako emanaldian bi sortzaileek hausnartuko dute gaia nola landu duen bakoitzaren esparruak. Estreinaldiaren aurretik azaldu ditu xehetasunak Retolazak, eta nabarmendu du publikoak baldintzatuko duela emanaldia.
Zer topatuko du ikusleak?
Ekimenaren asmoa da zubiak sortzea gaur egungo gaien edo kezken inguruan, eta kasu honetan gorputzak eta maskarak dira gaiak. Eta, hain zuzen, landuko dugu zer pentsatu den bertsotik eta zer literaturatik gorputzen eta maskaren inguruan.
Zubiak hiru alderditan ulertu ditugu: batetik, pentsamendu eta kezka garaikideen inguruan; pentsamendu kritikotik zein zubi sor ditzakegun lantzea. Gero, bi kultur esparru elkarrizketan jartzea —literatura eta bertsoa—. Eta, azkenik, kultur esparru horietan dabiltzan pertsona batzuk —eta publikoa ere— elkarrizketan jartzea.
Hortaz, izenburuaren bigarren zatiak zehazten du zein gai jorratuko dituzuen.
Lehen emanaldi honetan gorputzak eta maskarak jarri diogu, eta galderak dira zertarako jartzen ditugun maskarak, zein maskara mota dauden: behartuak, norberak eraikitakoak, taldean sortutakoak, babeserako direnak, erantzuteko, horma modura... Horren inguruan pentsatzeko da.
Badira bestelako maskarak ere: identitate maskarak, ideologikoak, gizarte mailakoak, lanaren maskara... Maskararen hainbat alderdi lantzea da asmoa, eta gogoetarako espazio bat sortuko dugu, zeinak sormenetik ere izango duen. Batetik, hartuko ditugu jada idatzita dauden literatur testuak edo bertsoak, eta horien inguruan ikusiko dugu maskaren inguruan zein begirada sortu diren. Emanaldian horiekin elkarrizketa sortuko dugu, baina sortuko ditugu, baita ere, bertan irakurriko edo kantatuko diren bertso eta testu berriak ere.
Eta, era berean, gure asmoa da publikoak ere parte hartzea: nolabait giroa sortu nahi dugu haien maskaren inguruan pentsatzeko eta hausnarketa ariketa hori ere elkarrekin egiteko.
Eta nolakoa izango da eszenaratzea?
Momentu batzuetan eserita egongo gara; beste batzuetan zutik; eta beste momentu batzuetan publikoari gauza batzuk eskatuko dizkiogu. Asmoa da Ekhiñe eta bion artean elkarrizketa bat izatea, eta ahal bada —eta testuinguruak ematen badu— oholtzaren eta publikoaren arteko hartu-emana sortzea. Giroaren araberakoa izango da, noski. Jendeak erabakitzen du neurri batean zer izango den, eta hori ona da: publikoak erabakiko du zenbateraino baldintzatu edo elikatu gure elkarrizketa.
Nola entseatu duzue?
Ariketa izan da pentsatzea zein hari edo adar izan ditzakeen gorputzen eta maskaren gaiak. Horrez gain, interesgarriak iruditu zaizkidan testu eta bertso batzuk bildu ditut, eta Ekhiñerekin kontrastatu ditut. Aldi berean, gidoi bat ere osatu dugu emanaldian aurkezteko eta hausnarketa bideratzeko. Aldatu egingo da jendearen parte hartzearen arabera, jakina; eta parte hartzerik ez badago elkarri esandakotik bakoitzak sortzen duena izango da. Bi hanka izango ditu, hortaz: badu bat-batekotik, eta badu aurrez prestatutakotik ere.
Nolako lankidetza aurreikusten duzu Zapiainekin?
Niretzat elkar ezagutzeko momentu bat izango da. Elkar nolabait ezagutzen dugu distantziatik; baina ez aurrez aurre. Arrisku puntu bat ere badu, emanaldian bertan ezagutuko dugulako elkar, eta erakargarria da ikusleak ere une horretan bertan ikusiko duelako. Alde horretatik interesgarria da, Ekhiñek sortuko dituen zenbait galdera niretzat berriak izango direlako, eta nik horra eraman ditzakedanak ere berriak izango direlako berarentzat.
Bat-bateko horri ere eman diogu lekua. Askoz gehiago presta genezakeen aurretik, baina tarte hori uztea erabaki dugu propio.
Bat-batekotasun horri balioa eman nahi izan diozue hortaz.
Ekhiñe Zapiainek badu bertsotan adierazteko gaitasuna, sendo ariko da, eta horrek emango digu pentsatzeko aukera. Normalean gerora bertsoaren inguruan gutxi hitz egiten da; eta, izatez, hitz egiten da, baina ez bertsolariarekin. Espazio hori sortu nahi dugu: bertsoaren inguruan egilearekin hausnartzeko aukera. Interesgarria izango da, bertsoa egin duenak bere burua azaltzeko zein publikoak nola jaso duen jakiteko aukera izango duelako.
Egia da ez dakigula oso ondo zer sortuko den, berria izango delako; idazleek aukera gehiago izaten dute kontraste horretarako —irakurle taldeetan eta abar—. Interesgarria izango delakoan nago.
Aurrera begira beste gai batzuk landuko dituzue? Eta Zapiainekin ariko zara beti, ala izango da besterik ere?
Ekhiñerekin bide hau jarraitzeko asmoa dugu, eta agian izango dira gehiago ere. Gaiaren edo herriaren arabera bidea irekitzea da asmoa; esate baterako, herri jakin batek lotura zehatzen bat badu gairen edo bertsolariren batekin. Baditugu gai batzuk pentsatuta, adibidez, lurra, lana, gorputza —norbanakoa zein kolektiboa—, desira eta sexualitatea... Gaur egungo gizarteari eta kezkei lotutako gaiak dira, eta ikuspegi kritikotik aztertu nahi dugu zein bide edo galdera berri proposatu ditzakegun. Era berean, aztertuko dugu zein galdera eta bide planteatu diren aurretik bertsolaritzan eta literaturan; eta gaur egun horiei modu berean heltzen diegun edo ez.
«Aztertuko dugu zein galdera eta bide planteatu diren aurretik bertsolaritzan eta literaturan»
Bertsolariaren arabera ere izango da: batzuk interes gehiago izango dute gai batzuengan. Interesak ere erabakiko du bide honek lekua duen edo ez.
Zailtasunik izan duzue prestatzeko orduan?
Erronka izango da emanaldia bera; espazioa bera sortzea. Hor ohartuko gara geure buruan jendearentzat interesgarria izan zitekeen hori, benetan horrela den. Bestalde, aurreko lan bat izan da testuak bilatzea gorputzen eta maskaren inguruan, eta hor erronka izan da testu zati laburrak topatzea. Liburu oso interesgarriak badaude gai zehatzen inguruan, baina erronka izan da testu laburrak topatzea.
«Erronka nagusiena aurrez aurreko horri forma nola eman asmatzea izango da»
Dena dela, erronka nagusiena aurrez aurreko horri forma nola eman asmatzea izango da. Batez ere kontuan hartuta ez garela elkarrekin aritu eta bi kultur esparru ezberdinetako errutinetatik gatozela.
Publiko zehatzik izan al duzue sortzeko garaian?
Gure asmoa izan da edozein gerturatzeko saioa izatea. Egon daiteke norbait testuak eta bertsoak entzutera doana: entzun eta isilik egongo dena. Egon daiteke beste norbait pentsarazteko ariketa horretan eroso sentitzen dena, eta elkarrizketarako gogoa duena; eta horretarako espazioa ere izango du. Egon daiteke norbait bertsozale bakarrik dena, eta Ekhiñek esateko duena entzutera soilik doana; eta egon daiteke beste norbait literatura zalea dena eta horiek entzutera doana.
Gure asmoa da, hain zuzen, oso-oso profil ezberdina izan dezaketen pertsonak elkartzeko gune bat sortzea. Agian ez dugu lortuko, baina hori da asmoa. Bukatzean ere, agian, oso gauza ezberdinak eramango ditu jendeak. Han gaudela sumatuko dugu zein perfil dagoen edo nondik egiten duen tira.
Oholtza gehiago da bertsolariena, idazleena baino. Nola bizi duzu bertara igotzea?
Niretzat oso espazio deserosoa da; eta bada horretaz ikasteko aukera bat ere. Dinamizatzaile rola izan daiteke maskara bat, berdin irakasle rolarekin... Kasu honetan neronek ere ez dakit zehazki zer izango den. Aurreikusten saia zaitezke, baina hurbildu eta jarri arte ez dakizu zer izango den. Gogoa dut neure burua deserosotasun horretara eramateko, eta ikusteko ea adierazteko beste modu batzuk asmatzen ditudan. Niretzat, hein batean, esperimentazio espazio bat da.
Lasaitasuna ematen dit —eta agian faltsua izango da, baina— oholtzan egoteko ohitura handia duen norbait ondoan izateak. Espazio deserosoa da, baina badut helduleku hori ere. Nire rolari lotuago zeuden gauzak proposatu dizkidate aurretik, eta horiek zalantza gutxiago sortu izan didate. Kasu honetan zalantza asko izan ditut gidoiaren eta dinamikaren inguruan. Lehenengo saioak esango digu zer findu behar dugun, zertan trebatu behar garen, zer birpentsatu behar dugun...
Lehen emanaldi horretarako ba al duzu aurreikuspenik?
Altzon irakurle talde bat dago, eta —Oihana Iguaranek ezin zuela-eta— aurten nik gidatu dut; beraz, ezagutzen dut. Lehen emanaldi hau niretzat berria eta deserosoa denez, behintzat, leku eroso batera eraman dugu. Konfiantzazko taldea da, harremana du bertso eremuarekin, eta modu zintzo batean kontrastea jasotzeko aukera ere ematen du. Halako gauza berri bat abiatzeko plaza ona iruditu zitzaigun.
Eta, aurrera begira, ba al duzue beste datarik?
Martxoaren 8aren inguruan Tolosan izango dugu bat; eta udazkenean Lekeition ere egingo dugu. Badakit beste herri batzuk ere baditugula esku artean, baina oraindik datak ez ditugu zehaztu.