Gaurko eta biharko gaiei buruzko herri gogoeta saioak Altzon

Aitor Arroyo Askarai 2026ko maiatzaren 6a

Iazko Altzoko Azokaren une bat; urtero jendea erakartzen duen hitzorduetako bat da. L. CARRASCO

Larunbatean herriko eragileen arteko elkarlanaren inguruan hausnartuko dute altzotarrek. Hirugarren saio irekia da eta, aurrekoak bezala, Batzarremuño kulturgunean egingo dute. 

Altzon gogoeta saioa irekiak egiten ari dira herriari eragiten dioten gaien inguruan hausnartzeko. Dagoeneko egin dituzte bi, eta larunbatean, hilaren 9an, izango da hirugarrena. Herriko eragileen elkarlanaren inguruan eztabaidatuko dute, eta 10:30ean hasiko da saioa, Batzarremuño kulturgunean. 

Xabier Olano alkateak azaldu du «etorkizunaz hausnartzeko» gogotik sortu dutela ekimena: «Iazko urtea —2025—, batez ere, iraganari begira landu genuen: milurtekoa, Ipuscoa eta halakoekin. Aurtengoa —2026a—, berriz, etorkizunera begira jartzeko urtea dela iruditu zitzaigun». 

Hori horrela, herriari eragiten zioten gaiak identifikatu eta hausnarketa saio irekiak egiten ari dira. Apirilaren 19an egin zuten lehena nekazaritzari buruz, eta apirilaren 29an izan zen, bigarrena, energia komunitateen inguruan. Larunbat honetan herrigintzako eragileen elkarlana landuko dute, eta beste bi saio egitea aurreikusten dute uda aurretik: batetik, etxebizitza landuko dute hilaren 23an; eta, azkenik, zaintza landuko dute, baina ez dute egunik zehaztu oraindik.

Parte hartze zabala

Saio bakoitzeko parte hartzearekin «oso gustura» daudela adierazi du Altzoko alkateak: «Saio batean 25 herritar bildu ginen, eta 27, bestean. Asko ematen ez badu ere, proportzioan Altzo bezalako herri batentzat oso kopuru garrantzitsuak dira». Kideen kopuruaz harago, parte hartzaileen askotariko profila goratu du Olanok: «Gazteak, helduak, adinekoak... Mota askotako herritarrak bildu gara. Gainera, balio handiagoa du, ez delako besterik gabe elkartzea: lan saioak egitea, eztabaidatzea, ondorioak ateratzea... Parte hartze aldetik herri bizia da gurea, eta halakoetan demostratzen da».

Kantitateaz gain, jasotako ekarpenak «oso aberasgarriak» izan direla nabarmendu du alkateak: «Gai bakoitza zuzenean bizi dutenen aldetik jaso ditugu gogoetak, kezkak... Adibidez, nekazaritzaren inguruan, herriko baserritarrek —egunerokoan lanean jarraitzen dutenek— hitz egin zuten gehien. Gero denon artean osatu genuen saioa, denon zeregina delako etorkizuna ere».

Hari berari tiraka, gaineratu du «balorazio oso positiboa» egiten dutela energia komunitateari buruzko saioaz ere: «Saioaren ondoren, ia ziurtzat jotzen da edo urratsak ematen hasi gara energia komunitate berri bat sortzeko Altzon. Hain zuzen, energia berriztagarrien komunitatea sortzeko, eta eraginaz jabetzeko».

Hirugarrena, ildo beretik

Larunbateko saioan ere antzeko parte hartzea espero du herriko alkateak, eta baikor hitz egin du: «Herrigintzan ari diren eragile ezberdinen arteko herri antolaketa izango dugu hizpide, eta denon artean hausnartuko dugu etorkizunean berdin jarraitu nahi dugun edo ez, zein koordinazio behar dugun, erakunde berriren bat behar dugun... Hortik joango da».  

Hain zuzen, saioan parte hartuko dute Altzoko Santilazpi guraso elkarteak, Arrima baserritarren elkarteak, kultur batzordeak, Elordi kultur eta kirol elkarteak, jai batzordeak eta berdintasun batzordeak. 

Lehen aipatu bezala, Batzarremuño kulturgunean egingo dute hirugarren herri gogoeta saioa, eta 10:30etik 13:30era irautea aurreikusten dute. Eguneko jardunari dagokionez, lehenik sarrera eta lan dinamika aurkeztuko dituzte; 10:45ean izango da lehen saioa; bukatutakoan, atsedenaldia egingo dute; eta, segidan, bigarren saioa. Amaitzeko, denen artean eztabaidatuko dute zein diren ondorio orokorrak. 

Orain artekoez gain, beste bi saioa egitea aurreikusten dute uda iritsi aurretik: etxebizitza landuko dute hilaren 23an; eta zaintza, aurrerago. Azken horretarako eguna ez dute zehaztu oraindik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!