Landarez osatutako hesia Altzon

Ataria 2026ko martxoaren 3a

Beste urte batez Zuhaitz Eguna ospatu dute Altzon. Ekimenean parte hartu dute herriko 45 ikaslek eta zortzi irakasleak, eta, guztira, 450 landare jarri dituzte.

Aurten ere Zuhaitz Eguna ospatu dute Altzon, eta hainbat landare berri landatu dituzte. Jarduera elkarlanean egin dute Altzoko Udalak, Imaz Bertsolaria Eskolak eta Paisaia ELC elkarteak. Guztien artean 125 metro luze den heskai bat —landarez eginiko hesia— egiten hasi dira.

Aurreko urteetan herriko basoak berreskuratzea izan du helburu egun horrek, eta, aurtengoak berriz, «helburua berezia» izan du: Kaolin meategiaren inguruan berreskuratu den belardiaren ertzean 450 bat zuhaitz eta zuhaixka landatu dituzte 125 metro luze den heskai bat sortzeko. Egitura horiek «berebiziko garrantzia» dute lurraren babeserako eta biodibertsitatearen zaintzarako, baina «gero eta urriagoak» dira landa eremuko paisaietan. Altzoko herritarrek hainbat zuhaitz mota landatu dituzte, horien artean, elorri zuriak eta beltzak, erramuak, zuhandorrak eta hurritzak. Zuhaitz Eguneko lanak amaitutakoan, parte hartzaile guztiek hamaiketakoa ere egin zuten. 

Proiektu zabalagoa

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako ekimen hau iaz hasi eta aurten jarraituko duen proiektu zabalago batean dago txertatua. Proiektu horren barruan, heskaiaren landaketaz gain, herriko basoen kontserbazioa hobetzeko lanak egingo ditu Altzoko Udalak, besteak beste, saguzarrentzako babes-guneak sortuko dituzte, auzolanean biodibertsitatearen inbentarioa egingo dute, dibulgazio saioak antolatuko dituzte eta hezegune mota berezi baten lehengoratze lanak gauzatzea ere aurreikusi dute.

Modu horretan, herritarrak udalerriko ondare naturalaren zaintzan «modu aktiboan» parte hartzea sustatu nahi du udalak. Aipatutako landareen hesiaz gain, parkearen ertz batean 40 bat haritz eta pago landatu dituzte, helburu izanik lurra babestea eta, bide batez, udako egun beroetan itzala ematea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!