Oñatin dagoen Debagoieneko suhiltzaileen parkean lan egiten du Joseba Elduaien Olazarrek (Altzo, 1978); bertako sarjentua da. Gipuzkoan bederatzi parke daude; Aldundiak zortzi kudeatzen ditu, bailaraka banatutakoak, eta, bestetik, Donostiako Udalarena dago. Aldundiak kudeatzen dituenetako bat da Oñatikoa. Duela gutxi, elkarretaratzea egin zuten haren egoitzaren aurrean, euskara eskakizunak apaldu dituela salatzeko.
Noiztik zara suhiltzaile eta zer ibilbide egin duzu orain arte?
2008an hasi nintzen; lehenik, ordezkapenak egiten nituen, eta urte batzuk geroago, oposizioen bitartez lortu nuen plaza. Tolosako parkean lanean aritu ondoren, 2017an oposizioetara aurkeztu nintzen, eta kabo postua lortu nuen. Suhiltzaile parke bakoitzean talde bat baino gehiago izaten dira, eta horietako bakoitzak kabo bat dauka, arduradun bat. Irunen eta Ordizian aritu nintzen kabo. 2021ean, Oñatiko suhiltzaile parkean sarjentu izateko aukera eman zidaten, eta hala naiz gaur egun.
Zein ardura ditu sarjentu batek?
Parke bakoitzean bi izaten dira. Taldeen koordinazioaz ez ezik, kudeaketaz arduratzen gara. Ibilgailuak hondatzen badira, guri dagokigu konponketaren ardura. Horrez gain, material falta edota langileen beharrak ere kudeatzen ditugu. Azkenik, larrialdi bat maila jakin batetik gorakoa bada, guri egokitzen zaigu irteera antolatzea.
2008an hasi aurretik, argi zenuen suhiltzaile izan nahi zenuela?
Ez haurtzaroan, ezta nerabezaroan ere, ez zitzaidan burutik pasa. Goi mailako mekanika gradua ikasi nuen, eta 21 urterekin hasi nintzen lanean. Berehala konturatu nintzen ez nuela mekaniko izan nahi, ez bizi guztirako behintzat. Nire baitako hausnarketa-prozesu bat hasi nuen. Ideia asko izan nituen buruan bueltaka, eta halako batean suhiltzaile izatea pentsatu nuen. Dituen ezaugarriengatik niretzako aproposa izan zitekeen ofizioa zela iruditu zitzaidan. Entrenatzen hasi nintzen, galdezka ere bai, eta pixkanaka, muturra sartzen. Gerora, konturatu naiz asmatu nuela apustu horrekin. Asko erakartzen ninduen ofizioak, eta oraindik ere asko erakartzen nau.
Diotenez, arrisku handiko ofizioa da. Hala iruditzen zaizu?
Askotariko egoerei egin behar izaten diegu aurre, eta horietako batzuk arrisku handikoak izaten dira. Hala ere, horretarako entrenatzen gara. Arriskuak kontrolatuta edukitzea eta ahalik eta gehien neutralizatzea da gure lana. Gertatu litekeen ezbehar handiena da langile batek esku-hartze batean istripu bat izatea. Aldi berean, babes-neurri handiak izaten ditugu. Suhiltzaileak gara, eta ez suizidak.
«Gertatu litekeen ezbehar handiena da langile batek esku-hartze batean istripu bat izatea; suhiltzaileak gara, eta ez suizidak»
Eta nola bizitzen dituzue irteerak?
Guztiak ez dira larritasun-maila berekoak izaten. Tentsio, presio eta urduritasun uneak bizitzen ditugu, batez ere, egoera larria denean eta tartean pertsonak daudenean. Baina suhiltzaileok, pixkanaka, halako egoerei aurre egiten ikasi behar dugu. Norberak bere urduritasuna kontrolatzen jakin behar du, baita nahikoa hoztasun edukitzen ere, ahalik eta erabaki egokiena hartzeko.
Zer da zure ofiziotik gehien gustatzen zaizuna?
Dugun talde izaera. Kirol talde baten moduan lan egiten dugu. Irteera batek ondo funtzionatu dezan, bakoitzak ondo bete behar du bere funtzioa. Batek huts eginez gero, taldeak huts egiten du; pieza guztiak dira oso garrantzitsuak. Gure ofizioan, gainera, irteera guztiak berdinak ez direnez, ez dago monotoniarik, eta burua beti prest eduki behar izaten dugu edozein egoerari aurre egiteko.
Gaur egun, Gipuzkoako Suhiltzaileen Zerbitzuko sarjentua zara. Nola heldu zinen postu horretara?
2021ean, hutsune bat tarteko, aukera eman zidaten, eta probatzea erabaki nuen. Erronka bat zen niretzat. Gustuko dut neure burua estutzea eta egoera berrietara eramatea.
Zu zara Gipuzkoako suhiltzaileen koordinatzailea?
Ez. Gipuzkoa hiru eremutan banatuta dago, eta ni Oñatin dagoen Debagoieneko parkearen kudeaketaz arduratzen naiz beste sarjentu batekin batera. Eremu berean daude ere Arrateko parkea, Eibarren, eta Urolakoa, Azpeitian; hiru parke horietako arduraduna izaten naiz guardietan. Eremu horietan, larritasun-maila batetik gorako irteerak kudeatzea ere egokitzen zait.
Sarjentu zarenetik lau urte igaro dira. Lan karga handitu al zaizu urteotan?
Ardura handiko postua da, eta karga ere handia da. Batetik, parkeen kudeaketa-kontuez arduratzen naiz. Bestetik, praktikak eta formakuntza saioak izaten ditut. Garaiak etengabe ari dira aldatzen, materiala aldatzen ari da, eta beti daude berrikuntzak. Orduan, eguneratuta egon eta hobetu nahi izanez gero, ezinbestekoa da etengabe ahalegintzea.
Gaur egun osasuntsu al dago zerbitzua?
Nahiko osasuntsu dago. Hala ere, hutsuneak izaten dira lanpostu askotan, ez direlako finkoak, eta hori ez da ona. Talde izaera dela eta, interesgarriena litzateke suhiltzaile taldeak mantentzea, eta lankideak joan-etorrian ez aritzea. Denbora eman behar zaie taldeei, gero eta hobeak eta profesionalagoak izan daitezen.
Bestalde, 68 plaza berri sortuko dituzte laster. Egonkortzea den guztia ona da guretzat, eta kopuruari erreparatuta duela urte batzuk baino suhiltzaile gehiago gara. Zerbitzua hobetzen ari da, eta materialari dagokionez ere osasuntsu dago.
Aipatu duzu langile asko joan-etorrian aritzen direla. Zergatik?
Suhiltzaile askok erretiroa hartu du, eta plantilla handitu egin dute. Azken urteotan, gainera, zenbait prozesu ez dituzte egin, edo egin dituztenak ez dituzte modu egokian egin. Horrek eragin du egonkortze-maila baxua izatea.
Erretiroak aipatu dituzu, baina ba al dago erreleborik? Belaunaldi berriek suhiltzaile izan nahi al dute?
Oso lanpostu erakargarria da, eta gaur egun modan dago. Bada ezaugarri bitxi bat: urteak pasa ahala, konturatzen gara gero eta prestakuntza akademiko altuagoko pertsonak animatzen direla. Berez, suhiltzaile izateko orain arte nahikoa zen DBHko titulua edukitzea, nahiz eta gero oposizioak, teorikoki nahiz praktikoki, maila altukoak izan. Bada, azken urteetan suhiltzaile hasi diren gehienek unibertsitateko ikasketak dituzte. Akademikoki oso prestatuta daude; ezagutza handia dute. Hori bai, eskulanei dagokionez, hutsunea nabarmena da, eta gure ofizioan egunero erabiltzen ditugu erremintak. Hortaz, desoreka txiki bat dago. Hori hobetzea eskatu dugu, eta espero dugu datozen urteetan orekatuko dela.
Zer ikasketa dituzte animatzen direnek?
Ez dago profil jakin bat, prestakuntza fisikoari lotutakoa edo. Denetik dago: ingeniariak, biologoak, arkitektoak, abokatuak… Berez, ikasketa-maila altua eskatzen ez duen ofizio baterako, bitxia da hautagaien profila.
Hori bai, fisikoki prestakuntza handia eskatzen duen ofizioa da, ezta?
Gai honi lotuta badago polemika bat. Kanpotik era batera ikusten dira gauzak, eta gero barrutik ez dira hala izaten. EAEn sei suhiltzaile zerbitzu daude: probintzia bakoitzeko Aldundiarenak eta hiriburuetako udalarenak. Hori dela eta, sei oposizio edo azterketa mota izaten dira; bakoitzak bere eskaerak izaten ditu, eta batzuetan, fisikoki oso pertsona indartsuak eskatu izan dira. Gipuzkoaren kasuan, eskaera ez da hain muturrekoa. Urteetan zehar, ofizioari eman zaio garrantzia, eta Gipuzkoaren zeinua izan da horri lotutako frogak jartzea, eskulana neurtzea, alegia. Azken urteetan apur bat albo batera utzi bada ere, espero dugu etorkizunean berriro helduko diotela.
Duela hilabete inguru, Gipuzkoako suhiltzaileek elkarretaratzea egin zenuten Aldundiaren egoitzaren aurrean, euskara eskakizunak apaldu dituela salatzeko. Zer aldarrikatu zenuten?
Dagoeneko 40 urte inguru ditu zerbitzuak, eta sortu zenetik euskararen aldeko apustua egin du Aldundiak; lan handia egin du zerbitzuak euskaraz funtzionatu dezan. Langileok ere urte luzez egin dugu euskaraz lan egiteko hautua. Une honetan, gurea da irrati bidez euskara hutsean funtzionatzen duen larrialdi zerbitzu bakarra. Suhiltzaile berri bat etortzen zaigunean, «posible al da?» galdetzen du, harrituta. Elebiduna den gizarte batean, edonor artatu dezakegu erosoen egiten zaion hizkuntzan.
«Gurea da irrati bidez euskara hutsean funtzionatzen duen larrialdi zerbitzu bakarra»
Baina, hori bermatzea ezinezkoa da suhiltzaileei euskarazko profila behar dutela derrigortzen ez badiegu. Ez dugu ulertzen Aldundia azken urteetan zergatik ari den atzerapausoak ematen. Arkauten egindako aurreko oposizioetan ere zenbait neurri hartu zituen, eta gure desadostasuna azaldu genion. Lau froga psikotekniko egin zizkieten hautagaiei, eta horietako bat linguistikoa zen; kontua da bakarrik gaztelaniazko eredua zutela. Denbora epe batean, zenbait espresio linguistiko adierazi behar zituzten hautagaiek. Orduan guk galdetu genuen: «Posible al da?».
Halaber, denbora daramagu hizkuntza-profila igo dezatela eskatzen; ez dauka zentzurik lehen profila eskatzen jarraitzeak. Aspaldi egon behar zuen bigarrenera igota. Azken oposizioetan, profila zuten hautagaiei ez zieten utzi profilik gabeko plazetarako aukera izaten, eta hori oso larria da. Gehigarria izan beharko luke, eta ez penalizatzailea.
Kontua da lan-deialdi publikoetan egokitu egin dituztela hizkuntza-eskakizunak, eta atzeratu egin dutela zenbait hizkuntza-eskakizun derrigorrezkoak izateko data. 113 lanpostutatik 68 dira suhiltzaileenak, erdia baino gehiago.
Euskararen aurkako neurriak bata bestearen atzetik etorri dira. Azken honekin «nahikoa da!» esan dugu, eta mobilizatu egin gara, zentzurik ez daukalako. Datorren urteko 68 plazetatik 23tan hizkuntza-profila atzeratzea nahi dute, berez, 2027a amaitu arte. Suhiltzaile batek urteak pasa ditzake lanean, profilik eduki gabe, ez zaiolako eskatzen. Lehenago ere gertatu izan zaigu.
«Euskara ez dezatela erabili txanpon-trukaketa modura»
Epaitegietatik datozen erabakiek bultzatutako neurriak dira. Hala ere, Aldundiak ezin du ikusle papera izan; askoz gehiago egin dezake. Gauza da gobernuan daudenak ari direla epaitegietan gaia astintzen. Legebiltzarrean denbora daramate esaten legea aldatu egingo dela, baina dagoeneko berandu dabiltza. Haien esku dagoena egin behar dute, lehenbailehen. Euskara ez dezatela erabili txanpon-trukaketa modura.
Zer suposatzen du zerbitzua euskara hutsean emateko gai den Euskal Herriko zerbitzu bakarra izateak?
Lanera joateko motibazio gehigarria da. Euskaraz bizi gara, eta erosotasuna ematen du horrek. Bada bitxikeria bat. Egunerokotasunean euskara erabiltzera ohituta ez dauden zenbait lankide harritu egiten dira hasieran, baina ondoren, gustuko dute; zenbaitentzat oasi baten parekoa da lanean euskara erabiltzea. Kosta egiten zaie, baina inertziaz egiten dutenez, oso modu naturalean aritzen dira; egunetik egunera hobetzen ari dira. Hau da dinamika praktikoa, eta ez artifizialki sartu nahi diguten hizkuntzari buruzko eztabaida. Azkenean, euskaldun ez gara jaiotzen, egin baizik. Horretarako borondatea behar da, baina baita baliabideak jartzea ere.
Arriskuan ikusten duzue zenbait urtez zuen lan-eremua euskalduntzeko egindako ahalegina?
Eboluzio egoera batetik inboluzio egoerara pasatzen hasi garela iruditzen zaigu, eta inertzia txarra hartzen ari da. Gure hizkuntzaren errealitatea batzuetan oso ahula da, eta zuk baldintzak aldatuz gero, joerak aldatu egingo dira. Nahikoa da euskaraz ez dakien langile bat zortzi edo bederatzi kideko talde batean sartzea irteera batean talde hori euskaraz ez aritzeko, ezinezko egiten baitu. Hori da eragin zuzena. Aurrera begira hori mantenduko balitz, kolokan egon liteke herritarrei erosoen sentitzen diren hizkuntzan artatzeko dugun gaitasuna. Eta uste dut herritar orok horretarako eskubidea duela, are gehiago, ematen diren egoera larrietan.
Zer pentsatuko luke euskaldun batek suhiltzaileei deitu eta euskara ez den beste hizkuntza batean artatuko balute?
Euskaldunok ederki dakigu konfiantza eta enpatia lortzeko oso garrantzitsua dela erosoen sentitzen garen hizkuntzan pentsatzea eta hitz egitea, batez ere larrialdi egoeratan, medikuarenean, esaterako. Beste zenbait larrialdi zerbitzutan bestelakoa da errealitatea.
Zenbateraino zaudete kezkatuta gaiarekin, eta zein izan daiteke konponbidea?
Lehenik eta behin, arazoaren jatorria eta polemika sustatzearen errudunak identifikatu behar dira. Aldundiaz gain, beste batzuk ere ari dira arazoa sortzen eta areagotzen, hain justu, sindikatuak. Ulergaitza da. Agian euren biziraupena arriskuan ikusten dute, eta duela 40-50 urteko zenbait logikari heldu diete, gaur egun inolako zentzurik ez daukatenak. Langileen arteko elkarbizitza arriskuan jartzea soilik lortuko dute, eta ez dakit horretaz kontziente diren. Alderdi politikoak ere sartuko nituzke zaku berean, bozkak lortzeko trikimailu gisa erabiltzen dutelako; aldiz, programa politikoetan zerbitzu publikoek euskaraz funtzionatu behar dutela diote.
Ez da onargarria, eta gutxiago gehiengo handi bat euskaltzalea den herri honetan. Desoreka izugarria da. Gutxiengo bat, haren biziraupen politiko-sindikalagatik, antinaturala den egoera batera eramatera ari zaigu behartzen, biztanleriaren gehiengoak nahi ez duena. Hainbeste urtez ematea kostatu zaigun aurrerapausoak atzerapauso bilakatzea nahi dute. Behar den tokitan, epaitegiak kasu, ausartak izan behar dugu, eta beharrezko erabakiak hartu behar ditugu, aurrera egiten jarraitzeko.