Eguerdian, Batzarremuño kultur etxean aurkeztu duten lana Altzoko baserrien begietatik idatzitako istorioa dela adierazi du Xabier Olano alkateak, «azken 200 urteetako historia hurbila. Izan ere, kontatu ezean, historia ahaztu eta galdu egiten omen delako, eta horregatik, garrantzitsua da gure historia gure hitzetan jasotzea, kontatzea, eta, ahal bada, hurrengoei transmititzea ere bai».
Olanok bi helburu aipatu ditu Altzoko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Muga batzordeak elkarlanean sustatutako liburu honekin: Batetik, herriko ondare eta bizimodu garrantzitsua izan diren baserrien istorioak txukun jaso eta argitaratzea, eta bestetik, gure aurreko belaunaldien ezagutza, jakintza eta kultura aitortzea. «Bada aitortza ahalegin bat gure arbasoek jakintzetarako garai zailetara egokitzen eta bizirauten, beraien bizipen, historia, jakinduria eta hizkera aberatsak ondare ikaragarria utzi digute, eta ahalik eta ondoen jaso eta hurrengo belaunaldiei helaraztea zor diegu», gaineratu du.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak hartu du hitza ondoren, eta duela hilabete batzuk zendu zen Maria Pilar Zuriarrain Lasa herritarra izan du gogoan. Horretarako, liburuaren sarreran azaltzen den esaldi batetik abiatu da: «Zenbat elkarrizketa, zenbat argazki, zenbat dokumentu, zenbat istorio... gogo eta ilusio handia zuen Altzoko baserrien istorioa liburu batean ager zedin. Bidelagun ezin hobea izan dugu eskuartean duzuen liburua argitaratu zedin. Dagoen lekuan dagoela gure eskerrik beroena». Horrekin batera Gabriel Arestiren pasarte bat eta Lourdes Iriondoren abesti baten esaldia ere aipatu ditu eta elkarlanean jarraitzeko eskatu du, «aitaren etxea zaintzeko eta defendatzeko».
Aurkezpenean Kristina Solano trikitilaria eta Maixa Lizarribar musikariak hainbat pieza jo dituzte, eta tartean, herriko dantzariek Agurra dantzatu dute.
HIRU URTEKO LAN SAKONA
Gaurko ekitaldian Manu Olano Jauregi liburuaren egilea ere izan da. Altzoko baserri eta etxeei buruzko ezaugarriak bildu ditu, baita altzotarren bizimodua ere. Horiei guztiei keinu egin nahi izan die liburuaren izenburuarekin: Arbasoei goratzarre. Altzoko baserri eta etxeak. Liburuaren mamia azaltzeaz gain, liburuaren egituraz eta dokumentazio lanaz aritu da Olano.
Guztira, 200 argazki inguru bildu ditu eta, horietan, 63 baserri, 17 etxe, bina errota zein eliza, ermita bat eta altzotarrak ageri dira. Aldiz, portadan 22 baserrietako argazkiak soilik ageri direla aipatu du, eta horrek ere badu azalpena: «Portadan agertzen diren 22 baserriak Altzoko lehenengo baserriak dira, dozena bat ziren 1417an, eta handik ehun urtera beste hamar».
Liburua atalez dago osatuta, baina ardatz nagusia garaiko bizimodua dela adierazi du idazleak. Horretarako, ikerketa lan sakona egin du; derrigorrezkoa izan du Tolosako eta Oñatiko artxiboak bisitatzea edota Interneteko hainbat artxibo arakatzea, aurrez idatzita zeuden liburuak irakurtzen ere aritu da, besteak beste, David Zapirain Karrikak idatzi zuen Altzotik Altzora liburua, Altzoko urtekaria, edota Josu Tellabidek idatzitako Altzoko toponimiaren inguruko lana ere irakurri du.
«Datu asko jaso ditut horietatik, baina liburuaren ardatza garaiko bizimodua denez, nik baino askoz hobeto eta sinisgarritasun handiagoarekin kontatu dute garai horretan hori dena bizitu zuten herritarrek», gaineratu du Olanok. Horregatik, elkarrizketak ere egin ditu. Guztira, 88 pertsona elkarrizketatu ditu liburua osatzeko, eta horietako bat izan da Juanita Amundarain Artola.
Etxeluze baserrikoa da Amundarain, eta garai horretarako oroitzapenak kontatu ditu: «Garai hartan euskaraz hitz egitea debekatuta zegoen, batez ere eskolan, bestela zigortu egiten gintuen». Bizimoduaren inguruan ere aritu da, baita garai hartako emakumeak zuen arduraz ere: «Aita lan da lan aritzen zen, baina etxeko ardura amak zuen. Amak aitari zerbait galdetzen bazion, «nik baino gehiago dakizu» erantzuten zion aitak beti».
Lan honetan bidelagun izan dituen guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie Olanok: «Badakigu askoze gauza gehiago geratu direla aipatu gabe edo galduta eta badakigu hobeto egin zitekeela, baina gu honaino iritsi gara eta espero dugu gustagarri eta entretenigarri egitea».
Ekitaldi amaiera, jan-edana banatu diete bertaratu diren herritarrei, eta liburua eskuratzeko salmenta puntua ere jarri dute. Ekitaldirako gonbita izan duten herritarrek liburu bana eraman ahal izan dute etxera, eta gainontzekoek 15 eurotan erosi ahal izan dute. Bertara gerturatu ez diren herritarrek oraindik izango dute hori eskuratzeko aukera; datozen egunetan udaletxean izango da salgai, 15 euroren truke.