elkarrizketa

«Ez naiz historialaria, baina gustatzen zaizkit horrelako gauzak»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko azaroaren 19a

Manu Olano altzotarra, herriko begiratokian. A. ARROYO

Hiru bat urteko lanaren ondotik, liburu batean jaso ditu Altzoren eta bertako herritarren historia. 200 argazki inguru eta, horietan, 80 bat eraikin, bina errota zein eliza, ermita bat eta altzotarrak. Igandean aurkeztuko du jendaurrean, 12:00etan, herriko Batzarremuño kultur etxean.

Garai bateko Altzoren eta altzotarren bizimodu zein ezaugarriak bildu ditu Manu Olano Jauregi (Altzo, 1955) herritarrak Arbasoei goratzarre. Altzoko baserri eta etxeak liburuan. Historia, argazkiak, pertsonaiak eta gertakariak, besteak beste. Xehetasunez kontatu du nolakoa izan den arbasoen errealitatea liburuan gaurkotzeko prozesua.

Zer jaso duzue liburuan?
Gure aurreko belaunaldiaren bizimodua jasotzen saiatu gara: nola bizi ziren, zein ohitura eta sinesmen zituzten... Liburuak hainbat atal ditu: lehenengoan, baserri bakoitzaren izenak zer esan nahi duen jaso dugu. Izen horiek ez dira kasualitatez jarritakoak izaten, beti dago arrazoiren bat atzean. Atal hori Mikel Gorrotxategik, Euskaltzaindiako Onomastikako zerbitzuburuak egin du. 

Gero dator baserri edo garai bateko etxeen historia labur bat. Herriko baserri zaharrenak —dozena bat— bertan zeuden 1417rako. Batzuk gehiago, beste batzuek gutxiago... Baina guztiek dute historia. 

Eta ez da hor bukatzen.
Horren ondoren, pertsonaiak ere bildu ditugu. Guztira, herriko 18 pertsonaia jaso ditugu, zeinak Altzoko bizimodutik nabarmendu diren arrazoi bategatik edo besteagatik.

Hurrengo eremua da gure arbasoen genealogia —100 edo 200 urte atzera eginda—. Belaunaldiz belaunaldi gaur egunera arteko ibilbidea jaso dugu: zenbat seme-alaba izan dituzten, zein gelditu zen baserrian... 

Eta, azkenik, baserri bakoitzean zein bizimodu zuten ere jaso dugu: zein lanbide zituzten, zertaz bizi ziren, zein zaletasun... Pasadizoren bat edo beste ere agertzen da. Esan behar da, baita ere, argazkiak oso garrantzitsuak direla liburuan. Baserri edo etxe bakoitzaren bizpahiru irudi lortzen saiatu gara; nahiz eta ez den beti posible izan.

Nondik dator lan hau egiteko interesa?
Azken urteetan Altzon egin dira hainbat saio gure iraganaren nondik norakoak aztertzeko. Hor kokatu behar dira Euskal Herriko historiari buruzko ikastaro pare bat; eta aurten milurtekoarena ere landu da. Bada, horrekin lanean jarraitu nahi genuen. 

Gure belaunaldiak ezagutu ditu aurrekoen bizimoduak; ondorengoek, ordea, ez. Hor sekulako etena sumatzen genuen, eta ez genuen nahi ahanzturan erortzea mundu hori dena. Aitortza bat ere bada, argi dagoelako arbasoak izan ez balira gu ere ez ginatekeela izango. Mundua asko aldatu da haien garaitik; bazituzten ohitura, balio eta sinesmen batzuk —oso interesgarriak— eta, agian, ez legoke gaizki gaur egungo gizartean horietako batzuk berreskuratzea. Ez naiz historialaria, baina gustatzen zaizkit horrelako gauzak.

Nola egin duzue lan?
Idatzi nik egin dut, baina alboan izan dut taldetxo bat, zeinak asko lagundu didan; besteak beste, elkarrizketak bideratzen eta argazkiak jasotzen. Horiei ere eskerrak eman behar dizkiet. Horrez gain, urte honetan lanean aritu da Muga batzordea ere; ekitaldi guztiak koordinatu dituzte eta hau ere hor barruan dago. 

Lagundu didaten horien artean bereziki aitortu behar ditut, batetik, Antton Iztueta, zeinak argazkigintzako lan guztiak egin dituen; eta, bestetik, baita herritar asko ere, zeinak ekitaldiaren egunean aipatuko ditudan. 

Nora jo duzue informazio bila?
Metodologiari buruz, lanak izan du ikerketatik ere. Derrigorrezkoa izan da Tolosako eta Oñatiko artxiboak bisitatzea, Interneteko hainbat artxibo ere arakatzea... Aurrez idatzita zeuden liburuak irakurtzen ere aritu naiz, batez ere, David Zapirain Karrikak idatzi zuen Altzotik Altzora; eta datu asko ematen ditu. 

Horrez gain, urtekaria egiten da Altzon, eta horietan ere datu historiko asko daude. Bestalde, elkarrizketak ere egin ditugu. Guztira, 88 pertsona elkarrizketatu ditut liburua osatzeko. Aipatutakoaz gain, duela 30 urte herritar talde batek garai hartako jende heldua elkarrizketatu zuen —gaur egun gehienak joan dira—; han ere gauza asko agertzen dira eta baliatu ditut liburua osatzeko.

Zenbat denboraz aritu zarete lanean?
Ez dut presarik izan [barrez]. Urte honetarako bukatzea zen gutxi gorabehera helburua; ideia izatetik, forma ematen hasi eta lanean hasterako... Hiru bat urte izan dira. Borondatez egin dut, presarik gabe.

Zailtasunik topatu al duzue?
Asmoa zen, hasieran, datu historiko gehiago sartzea. Horien bila Oñatiko artxibora, Tolosakora eta Internetekoetara jo nuen. Hainbat dokumentu topatu eta erabili baditut ere, oso zaila izan da. Josu Tellabide etnologoak lagundu dit zenbait kontu kontrastatzen, eta aholkatu zidan ez jotzeko hainbeste hortik: oinarrizkoak datuak jartzeko; baina bizimodua kontatzeko. Eta, azkenean, hori egin dut.

Lan sakona izan da, azkenean, etxe eta baserri bakoitzera joan, elkarrizketak egin, idatzi, argazkiak lortu... Irudiak eskuratzea ere izan da zailtasun bat. Ia familia guztietako irudiak lortu ditugu, baina lan handia eskatu dute. Etxe batzuetan oso ondo jasota dituzte, beste batzuetan ez... Dena dela nabarmendu nahi dut herritarren erantzuna oso ona izan dela. Joan naizen leku guztietan ateak zabalik izan ditut, oso ondo hartu naute... Eta kontatu beharrekoak kontatu dizkidate.

Eta ezustekorik?
Bitxikeriak, pasadizoak-eta badaude; batzuk ederrak, nire ustez. Gure arbasoek ahozko kontaera oso ona dute, baita grazia berezi bat ere gauzak kontatzeko garaian. Hainbat pasarte eta bitxikeria kontatu dizkidate, eta batzuk botako ditut aurkezpenean [barrez]. Garai hartako bizimodua eta pentsaera islatzen dituzten zenbait berezitasun badaude.

Publiko zehatz bati begira prestatu duzu liburua?
Ez bereziki. Pentsatzen dut nire belaunaldiko jendeak gustura irakurriko duela; eta aipatzen diren kontu batzuk berehala ulertu eta bere sentituko dituela. 

Ni baino zaharragoek ere gustura irakurriko dute; baina nahiko nuke gazteagoengana ere heltzea. Batik bat pixka bat gehiago ezagutu dezaten garai bateko Altzo nolakoa zen, zer aldatu den... Nola fisikoki, hala filosofikoki. Nahiko nuke ondorengo belaunaldiek ere irakurtzea eta aztertzea. Ez dakit lortuko dugun, baina polita litzateke. 

Igandean izango da aurkezpena.
Pentsatzen dut ekitaldi polit bat izango dela. Ez da nire bakarrizketa izango, jende gehiagok hitz egingo du, agintariak ere egongo dira... Eta tartean izango dira beste kontu batzuk ere.

Eta liburua eskuratu nahi duenak?
Herritarrei oharrarekin batera bidali zaie gonbidapen txartel bat, eta horrek aukera ematen du liburu bat eskuratzeko. Pentsatzen dut agian ale bat baino gehiago nahiko dituela jendeak, eta igandean eskuratu ahal izango dituzte 15 euroren truke. Egun horretan ezin duenak, udaletxera jo beharko du, eta prezio berean eskuratzeko aukera izango du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!