Ipuscua. Izanetik izena 1025-2025

Mila urte atzera egin dute Altzon

Leyre Carrasco 2025eko urriaren 26a

Gure arimen erremediorako herri antzerkia estreinatu dute goizean, Altzon; guztira, 31 herritarrek gorpuztu dute obra eta herriko bost kokalekutan egin dituzte antzezlanak.

Muga, Mila urte Gipuzkoak eta Altzok ekimenaren barruan ekimen berria antolatu dute Altzon: Gure arimen erremediorako herri antzerkia. Ipuskoa hitza aipatzen duen izkribuaren sinatzea du abiapuntua obrak, eta horregatik, Altzo Azpiko elizan abiatu dute, lehen aldiz, Ipuskoa hitza agertu zen kokaleku berean.

Herriko eta inguruko herritar ugari gerturatu dira bertara, eta aktoreek arrakasta handiz egin dute antzerki ibiltaria. Hain justu, guztira, 31 herritarrek gorpuztu dute eta herriko bost kokalekutan interpretatu dute obraren zati bana . Aipatu bezala, Altzo Azpiko elizan hasi eta jarraian, Kaolin belardian, Ipintzako baratzean, Irisoro errekako sagastian eta Lamitegin egin dituzte hurrengo eszenak. 

Interpretazio lanak egin dituzten 31 herritarrez harago, jende gehiagok ere osatu du obra: figurante aritu dira beste zenbait altzotar, zuzenean musika jotzen aritu dira Garikoitz Llobregat eta Xanti Nazabal eta, aurrez, jantziak, apaingarriak eta halakoak osatzeko lanean aritu dira beste hainbat herritar ere.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!