Ipuscua. Izanetik izena 1025-2025

Milurtekoaren irudikapen antzeztua

Aitor Arroyo Askarai 2025eko urriaren 23a

Altzoko Handiari buruz egin zuten lehen herri antzerkia. M. IRAOLA

Igandean Gure arimen erremediorako herri antzerkia egingo dute. Emanaldia 11:00etan hasiko da, Altzo Azpiko elizan.

Igandean estreinatuko dute Gure arimen erremediorako herri antzerkia Altzon. Guztira, 31 herritarrek gorpuztuko dute pertsonaia bana, eta bost kokalekutan obraren zati bana interpretatuko dute. Jarduera hau ere Muga, Mila urte Gipuzkoak eta Altzok ekimenaren barruan antolatu dute eta, hain zuzen, Ipuskoa hitza aipatzen duen izkribuaren sinatzea du abiapuntu. 

Aipatu bezala, antzerki ibiltaria izango da: Altzo Azpiko elizan hasi eta segidan eszena bana egingo dute kaolin belardian, Ipintzako baratzean, Irisoro errekako sagastian eta Lamitegin. Agustin Amiano altzotarra da obraren arduradunetako bat, eta kontatu du istorioan mila urte atzera egin nahi izan dutela: «Izatez Iruñean sinatu zutenez, Altzo Azpiko eliza garai hartako jauregi antzera prestatuko dugu eta dokumentu haren sinatzea izango da bertako eszena».

Izenburua gako
Antzezlanaren izenburua aukeratzeko ere dokumentu historikora jo dutela azaldu du Amianok: «Testuan aipatzen du egin zituzten triskantza horien erremedio bezala egin zutela dohaintza San Juan de la Peñako monastegiari. Eta hortik dator izenburua». 

Testuak testu, antzezlana antolatzeko hainbat zailtasun izan dituztela ere adierazi du, horien artean, duela hamar mendeko giroa irudikatzea: «Jantziek, tresnak, hizkuntzak... Komeria asko eman dizkigute. Lanketa handia eskatzen du girotze horrek, eta oso talde langilea izan dugu zorionez».

Lau hamarrekotik gora
Interpretazio lanak egingo dituzten 31 herritarrez harago, jende gehiagok ere osatu du obra: figurante ariko dira beste zenbait altzotar, zuzenean musika jotzen ariko dira Garikoitz Llobregat eta Xanti Nazabal eta, aurrez, jantziak, apaingarriak eta halakoak osatzeko lanean aritu dira hainbat herritar. 

Guztira, 40 pertsona baino gehiagoko taldea izan dutela zehaztu du Amianok: «Guretzat garrantzia handia du parte hartze zabal horrek. Oso aberasgarria eta esanguratsua da Altzo bezalako herri batentzat». Hala ere, hainbeste antzezle izateak entseguak egitea «asko» zaildu duela ere aitortu du.

Hirugarren obra
Altzon egiten duten hirugarren herri antzerkia da, aurretik beste bana egin baitituzte Altzoko Handiari eta Imaz bertsolariari buruz. Orain arteko lanarekin asebeteta hitz egin du Amianok, eta igandeko estreinaldiari begira zorrotz egin du hitz: «Eguraldi iragarpen kaskarra dago eta oztopo izan daiteke hori, zati gehienak kanpoan baitira. Dena dela, zirimiri pixka batekin ere, aurrera egingo genuke».

Emanaldia «batik bat herritarrei begira» prestatu badute ere, gonbidapena luzatu diote inguruko herrietatik antzerkian edo gaian interesa duen edonori. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!