Ipuscua. Izanetik izena 1025-2025

'Gipuzkoa' izenaren jatorria ospatu dute Altzon

Leyre Carrasco 2025eko urriaren 15a

'Ipuskoa' hitzaren milurtekoa ospatzeko Batzar Nagusiek ezohiko bilkura berezia egin dute, goizean, Altzo Azpiko Olazabalgo Salbatore elizan.

Altzo Azpiko Olazabalgo Salbatore elizan egin dute, goizean, Batzar Nagusietako ezohiko bilkura. Hain justu, Gipuzkoa hitza lehendabizi agertu zen leku berean bildu da Euskal Herriko ordezkaritza, Ipuskoa hitzaren milurtekoa ospatzeko. Bertan izan dira, besteak beste, Xabier Olano Altzoko alkatea, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia. Imanol Pradales lehendakariari ongi etorria egin diote, eta Olanok aginte makila oparitu dio. Horren ostean, elizara sartu dira eta Batzar Nagusien Ohorezko Liburua sinatu dute.

Horiekin batera hainbat herritako ordezkariak, batzarkideak eta hauen bozeramaileak ere elkartu dira. Tartean izan dira EH Bilduko Maddalen Iriarte, EAJko Maria Eugenia Arrizabalaga, PSEEko Alberto Albistegi, PPko Mikel Lezama eta Elkarrekin Podemoseko Miren Etxebeste. Foru gobernuko kideak ere izan dira bertan, baita Gipuzkoako 51 udal ordezkari ere; eskualdeko 16 herritako alkateak tartean.

Olano alkateak abiatu du batzarra, eta esan du duela mila urteko dokumentu hori latinez idatzita egon arren, euskal leku izen ugari ageri direla; Otsabio, Berazubia, Haralarre, Hezeiza-zabal, Ugarte, Aia, Elkano, Ezkiaga, Iturriotz, Zuaznabar, Artzadun eta Olazabal, besteak beste. «Ordutik, mila urte igaro eta gero euskaraz hitz egiten jarraitzen dugu, eta euskal leku izenak hementxe diraute, gure inguruan, gaurko gizarte konplexuan ere. Beraz, mila urte igaro ondoren, leku honetantxe bertan, Olazabalgo elizan, gaur guztiok bildu izanak eta gure hizkuntza naturala euskara izateak, argi eta garbi erakusten du herri honen eta gure hizkuntzaren iraupena eta bizi-nahia», gaineratu du.

Mendozak hartu du hitza ondoren eta esan du Gipuzkoa, «mendeetan errotzen joan den» eta «zentzu komunitario indartsua duen» lurraldea dela. «Joan den uztailaren 5ean Tolosan egindako soka-dantzarekin irudikatu genuen moduan, gaurkoan ere aldarrikatu nahi dut herri bat, lurralde bat, ezin daitekeela gizabanakoen batura soila izan. Balio partekatuak eta komunitate sentipen sustraitua behar du. Herri nortasun propioa. Horrek ekarri gaitu honaino, mendez mende, eta horri eutsi behar diogu gipuzkoar eta euskal herritar gisa etorkizuna izan dezagun».

Mendozaren ustez, «aurrera begira komunitate balio horiek dira ziurgabetasunez betetako mundu batean sustraiak lurrean sendo, norabidea argi eta aurrera egiteko modua».«Balio horietan sakonduz, lortu behar dugu Gipuzkoa izatea, gerora ere, herri baten parte den komunitate arduratsua, berdinzalea, euskaraz bizi dena, orekatua eta bidezkoa, pertsona guztien ongizate osoa zaintzen duena», gaineratu du.

ETORKIZUNA ERAIKITZEKO BIDEAN

Ezeizabarrena iraganetik datozen «euskal identitateaz eta euskal demokrazia ereduaz» aritu da. «Euskal nortasunaren ezaugarriak eguneratzea da etorkizuna eraikitzeko bidea, baita adimen artifizialaren garaian ere, herri barruko aldaketei erantzuteko eta munduan izaten jarraitzeko». Ezeizabarrenaren ustetan, «herri izateari eutsi badiogu, euskal herri izateko nahia oso indartsua delako da, eta, aldi berean, herriari eutsi dioten bitarteko politiko garrantzitsuak izan ditugulako, gure askatasuna bermatzeko eta erabakimena bideratzeko: euskal foruak, ez emanak, eskubideak baizik».

«Populismoa erakunde demokratikoen etsai porrokatua» dela adierazi du, «eta honi aurre egiteko gaude herriaren askatasuna eta gure buruari emandako erakundeak zabalduz. Maite dugu Gipuzkoa eta Euskadi osatzen duen gure herria. Herri-maitasunak eta iragan onak gida gaitzatela politikan gabiltzanak eta herria, etorkizunean irauteko».

Pradalesek, aldiz, berdintasuna eta pertsonen duintasuna babesteko aurrerapauso erabakigarriak eman behar direla nabarmendu du. «Garena, daukaguna, gure aurretik zeudenei zor diegu. Kultura eta tradizio politiko oso baten fruitua da, zailtasunen eta ziurgabetasunaren aurrean, gure herriaren norabidea markatu duena», aitortu du.

Horrekin batera, Ipuskoatik Gipuzkoaraino, mila urtetan, kultura eta tradizio politikoa zaindu eta indartu zutela azpimarratu du lehendakariak: «Herriz herri, bailaraz bailara, lurraldez lurralde elkarlanetik abiatuta, gure herria egituratu zuten. Ez zuten lehiakortasunaz edo I+G+Bz hitz egiten, baina puntako ontzigintza garatu zuten. Ez zen globalizazio terminoa asmatu, baina planetari buelta ematen lehenak izan ziren. Ez ziren autonomiaz, autogobernuaz edo boterearen deszentralizazioaz ari. Baina beren lege, arau eta ohiturak errege eta erregeen aurrean babestu eta baliarazi zituzten. Hori guztia egin zuten, gaur sinbolizatu dugun bezala, bildu, hitz egin eta batzen zituena lehenetsiz».

Bilkura amaieran faksimile bana jaso dute ordezkariek, eta horren ostean, palestinar herriari babesa adierazteko hamar minutuko geldialdia egin dute eliza atarian, Palestinaren alde sindikatuek egindako deiarekin bat eginez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!