Ipuscua. Izanetik izena 1025-2025

«Behar zuen halako une bat milurtekoaren barruan sagarrak ere»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko urriaren 15a

San Sebastianek ustiatzen ditu Altzo Azpiko sagastiak; Sagar Uzta Festa antolatu du beste hainbatekin elkarlanean. A. ARROYO

Larunbatean ospatuko dute Sagar Uzta Festa Altzon, milurtekoaren urteurrenaren barruan. Goizetik iluntzera denetariko jarduerak izango dituzte, horien artean, Altzo Azpiko sagastietan zehar bisita gidatua bertsolariekin, sagardo dastatzea, topa uztaren omenez eta herri bazkaria.

Sagar Uzta Festa egingo dute larunbatean Altzon Muga, Mila urte Gipuzkoak eta Altzok ekimenaren barruan. Idazki horretan aipatzen dira, besteak beste, Zuaznabar baserria eta inguruko sagastiak; bada, 1.000 urte geroago Felix San Sebastian altzotarrak jarduera bera egiten jarraitzen du leku berean. Hari horri tiraka erabaki zuten uztaren festa antolatzea, eta egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako.

Nola otu zitzaizuen antolatzeko ideia?
Dokumentu hura argitara atera zenean, hasieran, ez nion halako garrantzirik eman. Baina irakurtzen hasi eta bi gauza aipatzen ziren, zeinak interesa piztu zidaten: bata, Zuaznabar, dohaintza horren barruan gure baserrien multzo hori zegoela; eta bigarrena, sagastiak. Hura entzunda, eta herrian sagarrekin aritzen den bakarra ni naizela kontuan hartuta... Lantalde hartan parte hartzeko beharra sentitu nuen. Sagarrak ere behar zuelako bere lekua. Duela mila urte egiten bazen, eta gaur egun oraindik mantentzen bada... 

Zergatik iruditu zaizue garrantzitsua hori helaraztea?
Batez ere, kokapen beretik datorren tradizio bat delako eta oraindik mantentzen dugulako, konturatu gabe ere. Ondare horrekin zerbait egitea garrantzitsua zela iruditu zitzaidan. Horri tiraka, lehen jardunaldietan hitzaldi pare bat egin genituen historian sagarra zer izan zen azaltzeko. Eta zentzu berean erabaki genuen uzta festa bat egitea, gaitzat sagarra hartuta. Iraganean uzta biltzea festarako gaia bazen, bada, berdina egitea gaur egun ere. Hortik abiatuta hasi ginen gaia lantzen. Astigarragan ere antzeko festa bat egiten dutela esan zidaten; bada pareko zerbait egin nahi dugu. 

Nolakoa izango da festa?
Eguna hasteko ibilbide bat egingo dugu: herritik oinez etorriko gara; eta geldiune batzuetan testuingurua azalduko dugu. Azalpena ez da teknikoa izango, orientatzailea baizik; sagarraren unibertso horretan sartzeko jendea. Eta, ondoren, azalpenak borobilduko dituzte bi bertsolarik: Maialen Lujanbiok eta Unai Agirrek. Horren ostean, herrian festaren parte izango dira sagardo dastatzea —sei ekoizle etorriko dira: Aburuza, Oiarte, Eguzkitza, Isastegi, Lizeaga eta Zabala—; eta bertan egongo da egitura bat, zeinak nolabait garai bateko baserri bat irudikatuko duen. Horrekin batera dolare ibiltari bat ere jarriko dute, eta festa borobiltzeko topa egingo dugu bertatik ateratako muztioarekin. 

Aurtengo sagardoa dastatzeko garaizegi izango da.
Bai, bai. Sagardoarentzat oraindik garaiz da. Probatzeko iazkoa izango da eta topa egiteko, berriz, muztioa. Batez ere parte hartzea umeei begira prestatu dugu: sagar bilketa saskiekin, kixkiekin eta halakoekin. Bertan jo, eta bertan atera muztio hori.

Helduentzat zein haurrentzat izatea aurreikusi duzue, hortaz?
Hori da. Gurasoek sagardoa dastatzen duten bitartean, umeek jolas modura sagarrak bildu eta sagardoa nola egiten den ikasiko dute. Eta gehitu horri kultur mailan korua, bertsolariak eta hori guztia. Jakintza hau guztia transmititzeko aukera izatea nahiko genuke, batez ere. 

Data berariaz aukeratu duzue, orain jaso duzuelako uzta?
Bai, halaxe da. Nik, adibidez, joan den astean bukatu nuen sagarra biltzeaz; ostiralean bukatu genuen. Eta bailara hau guztia da sagastia. Altzotik begiratuta gehiena da sagastia; eta horiek nik ustiatzen ditut. Horregatik nire konpromisoa ere: herriko nekazari bakarretako bat, eta sagarrarekin lotutako ezaugarriak daudenez idazkian... Behar zuen halako une bat milurtekoaren barruan sagarrak ere. 

Gero herri bazkari bat ere egingo dugu; eta horri erantsitako ideia da, baita ere, erromeria koxkor bat. Eta ez dut aipatu, baina sagarra jotzen duten unean ere herriko koruak halako emanaldi txiki batzuk egingo ditu; garai bateko abestiak interpretatuz hori ere jantzi nahi izan dute.

Elkarlanean ondo moldatu zaretela dirudi.
Bai, bai. Komisioak oso ondo funtzionatu du. Gainera hainbat motatako jendea bildu gara, ez zen dena kulturatik etorritako jendea edo. Bestelakoak ere bildu gara eta nahiko elkarlan polita egon da. Ni behintzat oso gustura aritu naiz; eta herri mailan laguntza ere sekulakoa izan dut. Jendeak oso harrera ona eman dio; eta, gainera, nik egiten dudanari zentzu bat ematen dionez, are eta gusturago. 

Ausartzen al zara aurreikuspenik egiten?
Ez. Lehen urtea da, eta... Gustatuko litzaiguke multzo polit bat egotea. Altzo txiki uzterainoko bezain besteko masifikaziorik ez; baina harrera on bat, bai. Batez ere gurasoen eta umeen aldetik, batik bat, ezagutza hori zabaltzen hasteko.

Sagar Uzta Festa

Urriak 18

  • 10:00. Sagasti arteko ibilaldia bertsolariekin, herriko plazatik abiatuta. Maialen Lujanbio eta Unai Agirre.
  • 12:00-14:00. Herriko plazan (eguraldi txarra bada, eskolako aterpean) sagardo feria eta dastaketa, dolarea eta herriko koruaren emanaldiak Aitor Furundarenarekin (akordeoia) eta Xabier San Sebastianekin (klarinetea).
  • 13:00. Urteko uztaren topa.
  • 14:00-17:00. Herri bazkaria.
  • 17:00-20:00. Erromeria trikitilariekin. Izer eta Alabier.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!