Txalapartari buruzko hausnarketa bisual bat», horrela definitu du hitz gutxitan Ttakun argazki erakusketa Jaione Garcia Santesteban argazkilariak. Altzoko ostatuan daude irudiak ikusgai, eta euskal kultura tradizionaleko egurrezko instrumentua abiapuntu, haren inguruko zenbait elementu ere landu ditu egileak. Altzoko Udalarekin elkarlanean Muga jardunaldien barruan antolatu dute egitasmoa eta azaroaren 2ra bitarte egongo da jendaurrean ikusgai.
Zuri-beltza propio aukeratutako muga, argien eta itzalen arteko orekan barrena bidaiatzen du bisitariak erakusketan. Kontraste handiko irudiak dira: beltza protagonista, eta argazkilariak jolas egin du zenbait elementu enfokatzearekin eta beste batzuk berariaz lausotzearekin. Garciak aurreratu du mugimendua eta gaua izan dituela lanerako gai.
Erakusketaren abiapuntua argazki saio bat izan zen: irudietan bi emakume txalapartari —Bihotx taldeko bi kide— izoztu zituen egileak. «Oso-oso trebeak dira biak, eta zoragarria izan zen haiekin lan egitea. Haien laguntzarik gabe ez legoke Ttakun proiekturik», horrela hitz egin du argazkilariak lehen saio hartako esperientziari buruz.
Dena dela, «koherentzia bisual bera» mantentzea konplikatua izan dela ere aitortu du: «Saio hura estudioan egin genuen lortu nahi nituen argietara eta itzaletara iristeko. Ez da erraza izan ildo estetiko bera mantentzea gerora kanpoan ateratako argazkietan».
Izan ere, txalaparta du oinarri, baina instrumentuaren inguruko beste kontzeptu batzuekin ere egin du lan argazkilariak: «Basoarekin, itsasoarekin, sagardoa egiteko lanekin... Gai horiei buruzko argazkiak ere badaude». Garciaren esanetan euren artean lotuz doaz irudiak bilduman zehar, eta istorio bat kontatzen dute bata bestaren atzetik.
Mugimendua eta gaua
Sagarrak, egurra, basoa, eskuak, makilak, askotariko azalak, itzalak... Geldirik edo bizirik, argien eta itzalen artean josi ditu ohikotik gero eta urrutiago dauden irudiak. Argazkilariarentzat mugimendua da erakusketaren ezaugarri bereizgarrietako bat: «Txalapartak mugimendurik gabe niretzat ez du zentzu handirik. Gorputz osoarekin jotzen da, nahiz eta makilak eskuekin eutsi. Bibraziozkoa da, eta oso-oso primarioa».
Bada, hori islatzeko ezinbestekotzat jo du mugimenduari —islatzetik harago— protagonismoa ematea, eta irudietan une oro «erritmo bat» dagoela erakustea.
Horiek aipatzearekin batera nabarmendu du beste ezaugarri bat: irudiek kolorerik ez izatea. Zuri-beltza aukeratzeko, batik bat, bi arrazoi izan dituela azaldu du, batetik, «estetikoki» asko gustatzen zaiola; eta, bestetik, irudiak testuinguruak kokatzea: «Ikerketa txiki horretan ikusi nuen txalaparta gauez jotzen zutela garai batean». Bada, argazkietara «gaua ekartzeko» baliabide gisa erabili du zuri-beltza: «Horregatik du hainbesteko protagonismoa beltzak, horregatik dira horren ilunak. Gaua irudikatzea izan da helburua».
Teknikari dagokionez, digitalki atera ditu irudi guztiak: «Argazkilaritzan jaiotzez digitala naiz, nire proiektu ia guztiak argazki kamera digitalekin egin ditut. Nolabait, oso eroso sentitzen naiz bertan». Dena dela, argazkilaritza analogikoan «lehen pausoak» orain ari da ematen: «Arlo hori esploratzen eta ikasten ari naiz, eta asko gustatzen zaizkit nola estetika, hala haren inguruko liturgia guztia».
Testuingurua gako
Argazkilariarentzat garrantzitsua da gauzak gertatzen diren lekuan azaltzea: «Uste dut nire lanek lotura handia dutela lurraldearekin. Testuinguruak, kokapenak... Eragin erabakigarria du guztian». Garciaren ustez ezaugarri horiek «zeharkatu» egiten gaituzte, eta kontuan hartu behar dira: «Zenbait gairi buruz hitz egiteko lurraldea oso kontuan hartu behar da. Eta, era berean, balio du gauza ezberdinei buruz hitz egiteko abiapuntu gisa ere».
Hain zuzen erakusketa honetan ere inguruak «pisu oso handia» duela zehaztu du: «Hasieratik zen garrantzitsua, eta landu ahala ohartu naiz pisu hori handitzen joan dela». Egileari «lurraldean murgiltzeak» aukera zabaltzen dio beste gauza batzuk lantzeko ere: «Leku fisikoek lotura dute emozioekin eta, beraz, bata lantzea bestera iristeko bidea da. Zenbait leku fisiko lantzeak eramaten nau leku emozionalak lantzera». Hari horri tiraka azaldu du Mari proiektuan ere «pisu oso garrantzitsua» duela lurraldeak eta, are gehiago, ezin izango litzatekeela Mariri buruzko ezer egin testuingurua kontuan hartu gabe.
Korronteari ihes
Ikustera ohituta gauden irudietatik ihes egin nahi izan du, halaber, Garciak: «Hedabideetan eta Interneten ikusten ditugun argazkiak oso enfokatuta egoten dira, argi asko izaten dute, lanketa handia eta unean unekoak izaten dira». Kontrara, erakusketako piezak «oso-oso ilunak» propio egin dituela aipatu du, eta «mugimendua zein dinamismoa» islatzen saiatu dela: «Arrotza ere izatera irits daiteke, ikustera ohituta ez gauden irudi mota bat delako».
Hala ere, ulertzeko ez direla «argazki zailak» nabarmendu du eta interesa duen edonor joan daitekeela: «Interesa duen edonork disfrutatu dezake. Ez pentsa zerbait oso abstraktua edo teknikoa denik». Zentzu berean, irudi «oso bisualak» direla gaineratu du, baina helburua «tira egiteko lehen haria» ematea izan dela: «Norberak bere irakurketa egitea da helburua. Intentzioa, batez ere, sentsazioak transmititzea izan da, ez hainbeste deskriptiboa izatea». Eta hari horri tiraka kontatu du erakusketan zenbait testu ere badaudela, zeinak proiektua azaltzen duten: «Oso intuitiboa da, eta interesa izan lezakeen edonorentzat egokia».
Altzo, neurrira
Erakusketa Altzoko ostatura «primeran egokitu» dela sumatzen du egileak: «Oso txoko aproposa da. Tamaina aldetik perfektua, eta xarma berezia ematen dio lekuak: pareta zuria, tartea harria dago bistan, herriko erdigunean dago....». Proiektua aurretik egon da ikusgai beste toki batzuetan ere, eta oraingoarekin «oso pozik» dagoela nabarmendu du.
Nondik datorkio, ordea, txalapartarekiko interesa? «Txalaparta betidanik gustatu zait asko, eta 2018 inguruan hasi nintzen zerbait egitea pentsatzen», horrela oroitu du proiektuaren hasiera. Azaldu duenez, euskal kulturarekin lotutako zerbait landu nahi zuen, eta ikertzen hasi zen. «Zenbait gairen inguruan ikertzen eta irakurtzen hasi nintzen, eta garai bertsuan ezagutu nituen Bihotx taldeko txalaparta kideak».
Hari berari tiraka, elkar ezagutu eta lanean hastea ia aldibereko kontua izan zela ere ekarri du gogora: «Ideia aurkeztu eta oso ondo hartu zuten. Oso erraza izan zen dena, lehen saio hura egin genuen berehala eta, hortik, kontzeptua lantzen eta gehiago irakurtzen jarraitu nuen». Azkenean, 2020an aurkeztu zuen Ttakun erakusketa Zarautzen.
Kamera itzali gabe
Ordutik hona bost urte inguru igaro badira ere, proiektua osatzen jarraitzen duela ere aitortu du argazkilariak: «Izugarri kostatzen zait proiektu bat ixtea. Ahal izango banu, beti mantenduko nituzke irekita, etengabe okurritzen baitzaizkit bide eta argazki berriak». Kasu honetan erakusketa mantendu eta argazki berririk gehitu ez badu ere, zehaztu du bideo bat osatu eta web orrialdean jarri duela ikusgai, proiektua osatzeko.
Ez dira horiek, baina, egitasmoaren osagarri bakarrak: «Intentzioa litzateke aurrera begira liburu txiki bat ere argitaratzea... Horrela beste formatu batean ere jasota izateko». Nolanahi ere, erakusketarekin asebeteta dagoela nabarmendu du: «Gustatzen zait nola geratu den. Eta proiektu berriei heltzeko ere jakin behar da aurrekoak ixten, eta itxita daudela onartzen. Aurrera egiteko beharrezkoa da».
Ttakun, izan ere, ez da argazkilariaren azken lana. Haren ondotik etorri dira, besteak beste, Mari eta Errekaren hotsa, eta dagoeneko beste lan batzuk prestatzen ere ari da, horien artean, Zubietako joaldunei eta mozorroei buruzko proiektu bat.



