San Inazio eguna dela eta antolatzen dituzte festak Altzon, eta bost eguneko egitaraua dute prestatuta. Umeen eguna guraso elkarteak antolatzen badu ere, gainontzeko ekintzak antolatzearen ardura festa batzordeari dagokio, eta bertako kideetako bat da Xabier Murua. Herritarrak «festak giro ederrean ospatu eta errespetuz jokatzera» animatu ditu.
Nolakoa izaten da Altzoko festen antolaketa?
Festa batzordeko kideak otsailean elkartzen gara lehen aldiz, eta pixkanaka egunak antolatzen joaten gara, dena itxi arte. Batzordea 15 eta 27 urte bitarteko gazteez osaturik dago eta bileretan hamasei lagun inguru biltzen gara, udaletxeko bi zinegotzirekin batera. Umeen eguna antolatzeaz guraso elkartea arduratzen da eta zeregin zehatz batzuetarako ere herritarrei laguntza eskatzen diegu.
Festa batzordeko kide izanda, nola bizitzen dira festak?
Edozein herritarrek bezainbeste disfrutatzen ditugu, gainera, egiten diren ekintzak guk antolatutakoak izaten direnez, garrantzi handiagoa ematen diegu. Aitortu beharra daukat ni ez naizela oso parrandazalea, baina jendeak herriko jaietan ondo pasatzen du. Festetan egin beharreko lanei dagokionez, ez da horrenbesteko lanik egin behar izaten; izan ere, dena antolatuta izaten dugu eta bete behar diren ardurak festa batzordeko Whatsapp taldean gauden 85 pertsonen artean banatzen ditugu.
Aurtengo festetan, zein ekitaldi da aipagarriena?
Jaietako azken egunean bi ekitaldi nabarmenduko nituzke. Alde batetik, 19:00etan egingo den bertso jaialdia. Saio horrek, herritarrez gain, kanpotik ere jende ugari erakartzen du. Azken bi urteetan bertso saioa eta sagardo dastaketa batera antolatu ditugu, eta arrakasta handia izaten ari da. Bestetik, Tapia eta Leturiak joko duten kontzertua azpimarratuko nuke; ikusmin handia sortzen duen emanaldia izaten da. Horrez gain, San Inazio egunean jokatzen diren Frontoi Zaharreko Pilota Txapelketako finalak zirrara berezia eragiten du herritarren artean.
Berrikuntzarik izango al da aurtengo jaietan?
Aurten egitarauan berrikuntza gisa, Iago magoaren magia ikuskizuna sartu dugu, umeei zuzenduta. Bestalde, gauetako kontzertuei dagokionez, aurten gau batean ez da kontzerturik izango. Urtero izaten da egun bat jende gutxi bildu ohi dena, eta ez du merezi talde batek plaza hutsaren aurrean jotzea. Erabaki hau horregatik hartu dugu, baina jendeak datorren urtean kontzertu hori berreskuratzea nahi badu, berriro antolatzeko prest gaude.
Hala ere ekintza tradizionalekin ere jarraituko duzue.
Lehen aipatutako bertso saio nagusia eta sagardo dastaketaz gain, gauetako kontzertuak, Artea dantza taldeko haur eta helduen emanaldiak, paella lehiaketa eta haurren txirrindulari proba jaietako hitzordu finkoak dira, urtero-urtero hutsik egiten ez dutenak.
Altzoko gazteen arteko apustuak jende mordoa erakartzen du.
Bai, herriko plaza jendez lepo egoten da egun horretan. San Inazio egunaren biharamunean egiten dugu beti, uztailaren 31n. Egun horretan etxeetan bazkariak egiten ditugu familian, eta ondoren, gazte asko probak prestatzera joaten gara. Apustuan parte hartzen dugun gazteok zein ikusle moduan etortzen diren herritarrek oso ondo pasatzen dugu. Ekintza parte-hartzailea eta dibertigarria izaten da beti.