Altzoko Udalak euskararen erabilera normalitzatzeko plan estrategikoa onartu du

Ataria 2025eko ekainaren 5a

Euskararen erabilera eta kudeaketa indartzea dira planaren ardatzak, udal jarduera eta herritarren arteko harremanetan hizkuntza lehenesteko helburuarekin.

Altzoko Udalak 2023-2027 aldirako euskararen erabilera normalizatzeko Plan Estrategikoa aurkeztu du, euskararen presentzia eta erabilera udal jardueretan zein herritarren arteko harremanetan sistematikoki indartzeko helburuarekin. Dokumentuak bi ardatz nagusi ditu: kudeaketa eta erabilera, bakoitzak bere erronka eta helburu estrategikoekin.

Lehen ardatzak euskararen kudeaketa integrala lantzen du, eta udalaren funtzionamendutik abiatuta, euskara udalaren egituran integratzea du xede. Horren barruan, hainbat atal banatu dituzte: batetik, euskararen kudeaketa orokorra, hain zuzen, udalaren hizkuntza-politikaren ikuspegi estrategikoa garatzea, planifikazioa eta jarraipena bermatzeko; bestetik, lidergoari dagokionez, udal ordezkarien eta zuzendarien inplikazioa indartu nahi dute, euskararen aldeko jarrera aktiboa sustatzeko.

Hari berari tiraka, langileen arloan ere prestatu dituzte pausoak eta helburu dute langile guztiek euskaraz lan egiteko beharrezko gaitasunak eskuratzea. Hain zuzen, hizkuntza-klausulak izango dituzte lanabes, eta udalaren zerbitzu hornitzaile eta kontratuek ere euskararen erabilera bermatzea dute xede.

Hain zuzen, kudeaketa integralaren helburu estrategiko gisa zehaztu dituzte euskararen kudeaketa sistematizatzea, arduradunen lidergo aktiboa bermatzea, langileen hizkuntza gaitasuna eta erabilera zabaltzea, eta hizkuntza-irizpideak kontratazioetan «modu eraginkorrean» aplikatzea.

Erabilera, osasun oinarri
Bigarren ardatzak euskara erabilera praktikoan jartzen du fokua eta bi ataletan banatu dute: zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza. Lehenari dagokionez, udalaren irudi instituzionala eta herritarrekin izandako harreman guztiak —ahoz zein idatziz— euskaraz izatea dute helburu. Bigarrenaren inguruan, berriz, barne eta kanpo harreman profesionaletan hizkuntza nagusia euskara izatea dute.

Horren barruan zehaztu dituzte beste zenbait helburu estrategiko ere, hain zuzen, herritarrekin euskarazko komunikazioa lehenestea; udalaren komunikazio guztietan euskara lehen hizkuntza izatea; barne-harremanetan euskara normalizatzea eta prestakuntza eskainiz langileak gaitzea; eta baliabide teknologikoen eta testugintzaren bidez euskararen kalitatea eta erabilera hobetzea.

Epe ertaineko plana
Plan estrategiko honek urteko kudeaketa-planak ditu, helburu bakoitza neurtzeko adierazleekin. Honela, urteko aurrerapenak ebaluatu eta egokitzapenak egitea posible izango da, euskara planifikazioaren ardatz bizia bihurtuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!