Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuek Altzon egin dute Diputatuen Kontseilua, Gipuzkoako lehen erreferentzia idatziaren milurtekoa ospatzen ari diren honetan. Altzoko Xabier Olano alkateak egin die harrera eta, besteak beste, Altzo euskaraz bizi den herria dela nabarmendu du: «Duela mila urte euskaraz bizi zirela dakigu idatzi horiei esker, gaur egun horrela bizi gara eta etorkizunean ere hala jarraitzea nahi dugu. Eta Euskaraldia ere izan dadila bide horretan, eragile».
«Gipuzkoarrok gure komunitate balioak eta bizitza garatzen dihardugu gutxienez hamar mendez dagoeneko. Salbatore elizati lotuta 'Ipuscoa' hitza idatzi zutenetik hona debora asko pasa da, baina efemeride honek aukera ematen digu, gainontzeko euskal lurraldeekin harremanetan, egindako ibilbideari erreparatzeko eta gipuzkoarrok batzen gaituzten komunitate balio horietan arreta jartzeko", adierazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak.
Altzo, gordailu eta arnasgune
Hari berari tiraka gehitu du euskara dela komunitate gisa «bizia eta kohesioa» ematen dion balio nagusietako bat eta, hain zuzen ere, herri txikiak izan direla balio horien «gordailu eta arnasgune»: «Euskaraldiko ariketa sozialean murgilduta gauden honetan, gipuzkoar guztiak gonbidatu nahi nituzke ariketari gogotsu eta animotsu eustera, guztiok batera balio honi eutsi, balio hori garatzen jarraitu eta komunitate gisa sendotzen jarraitzeko».
Adierazpen horiekin bat egin du Olanok, eta gogora ekarri du garraio publikoaren «zerbitzua zabaldu eta hobetzeko» premia eta «inguruko herriekin batera» adineko pertsonentzat eguneko zentroaren inguruko beharra.
Kontseilua egin ostean, berriz, Altzo Azpiko Olazabaleko Salbatore elizan ikusgai dagoen Gipuzkoa Izanetik izena 1025-2025 erakusketa bisitatu dute. Esposizio horrek hamabost artista gipuzkoarren biltzen ditu, besteak beste, nortasun kulturalak mendeetan zehar izan duen bilakaeran sakontzeko.