Altzoko alkate ohi Pilar Zubiarrain hil da

Ataria 2025eko maiatzaren 7a

Zubiarrain 2017an, Altzoko Handiaren inguruko ibilbidearen inaugurazioan.

Astelehenean hil zen, 58 urte zituela, Enba sindikatuak jakinarazi duenez. Altzoko Arretxe baserriko alaba zen eta Enba sindikatuak izan zuen lehen abokatua.

Pilar Zubiarrain hil zen astelehenean, 58 urte zituela, bihotzekoak jota. Altzoko alkate izan zen 2003 eta 2007 urteen artean EAJ alderdiarekin –ezker abertzalearen ilegalizazioa eman zen legegintzaldi horretan–, eta Altzoko Handia eta Altzoko Imazen pagoa –lursailaren jabea zen– ezagutarazteko lan asko egin zuen.

Abokatua zen eta hainbat mehatxu eta eraso salatu zituen; 1999an Altzoko familiako baserria erre zioten, pintaketak egin zizkioten eta bere ibilgailuari su eman zioten, besteak beste. Jasandako jazarpena dela eta 2009an Batzar Nagusietan omenaldia jaso zuen.

Enba sindikatuak eta Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren GBBko presidenteak euren doluminak azaldu dituzte sare sozialen bidez. Enbak esan du baserritarren eta nekazarien defendatzaile izan zela eta baita lehen sektorearen aldeko legeen bultzatzailea ere. Maria Eugenia Arrizabalagak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio herrigintzarekin izandako konpromisoagatik. Gehitu du, 90eko hamarkadan izandako errepresioari erreferentzia eginez, duela gutxi esan ziola zorionez gauzak asko aldatu direla. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!