Ipuscua. Izanetik izena 1025-2025

Sortzaileen lanak eta iraganeko argazkiak, protagonista

Aitor Arroyo Askarai 2025eko apirilaren 17a

Artelanen erakusketaren inaugurazioa, Altzo Azpiko elizan. JOSEBA URRETABIZKAIA

Altzo Azpiko elizan artelanen erakusketa dagoeneko ikusgai dago; datozen hilabeteetan hainbat jarduera egingo dituzte.

Joan den asteburuan bi erakusketa zabaldu dituzte Altzon: batetik, hamabost euskal sortzaileren lanak ikusgai jarri dituzte Altzo Azpiko Olazabalgo Salbatore elizan; eta, bestetik, herriko garai bateko argazkiak berreskuratu, bertako protagonistak identifikatu eta jendaurrean jarri dituzte, herriko ostatuan. Muga. Mila Urte Gipuzkoak eta Altzok (1025-2025) jardunaldiak egiten ari dira; eta, gutxi-asko, horien barruan kokatu dituzte ekimenak.

Altzo Azpiko Olazabalgo Salbatore elizako erakusketa zabalik egongo da urriaren 31ra bitarte larunbatetan eta igandeetan, 11:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:00etara. Dena dela, ordutegiz kanpo bisitatu nahiko luketenek eskaera egin dezakete Altzoko Udalaren webgunearen bidez.

Hamabost artelan
Esposizio hori Elena Arrese komisario eta artista plastiko gipuzkoarrak zuzendu du, eta helburu du, besteak beste, kultur ondarearen garrantzia «artearen hizkuntza unibertsalaren bidez» transmititzea. Elizara sartu eta dagoeneko ikusgai daude hamabost artisten artelanak: gehienak erdigunean, batzuk aldarearen eremuan; eta bana koruan zein kriptan. Azken leku horren «berezitasuna» nabarmendu dute Arresek eta Altzoko Xabier Olano alkateak: «Elizaren lekurik antzinakoena da; horren gainean egin zuten, gerora, gaur egungo eraikina».

Hain zuzen, kapera horretan jarri dute Koldobika Jauregi artista alkizarraren artelana, zeina joan den urtean zendu zen. Eta Jauregiz gain, sorkuntza bana jarri dute tenpluan Elena Cajaraville, Elena Arrese, Iñaki M. Ruiz de Egino, Julia Otxoa, Ricardo Ugarte, Ramón Ruiz Cabestany, Pablo Zuriarrain, Iker Valle, Nisa Goiburu, Uxue Lasa, Ángel Navas, Natalia Cambronero Nieto, Mª Jesús Cueto eta Antton Mendizabal artistek.


Elena Arrese artista da erakusketaren komisarioa. Irudian, eskuinean, bere artelana. A. A. A.

Aparteko kokalekua
Herriko alkateak adierazi du milurtekoarekin «lotura estua» duela erakusketak eta, hain zuzen, eliza hori dela agirietan aipatzen dena: «Eliza honen donazio agirian azaltzen da Ipuskoa lehen aldiz. Idatzi horretan aipatzen diren baserriak hemen inguruan egon ziren». Alkatearen ustez, esposizioaren «xarma» horretan datza: «Duela 1.000 urte hemen ziren herritar euskaldunak, gaur egun ere hemen gaude, eta mila urte barru ere espero dugu egongo direla».

Altzon herritar batzorde bat sortu zuten milurtekoaren harira zein jarduera egin zitzaketen erabakitzeko, eta bertan proposatu zuen proiektua Elena Arresek, zeina jaiotzez tolosarra bada ere, Altzon bizi den. Komisarioak aipatu du «sekulako erantzuna» jaso zuela erakusketak inaugurazioan, eta beste hainbat jarduera ere egingo dituztela aurreratu du, horien artean, Altzoko eskolako haurrekin jaialdia maiatzaren 31ean; kontzertua Donosti Ereski abesbatzarekin ekainaren 8an; Oiartzungo organo zaleekin beste kontzertu bat uztailaren 12an; eta baita artearekin lotura duten hainbat tailer ere. 

Hasieran ekimen «handi samarra» iruditu zitzaiela aitortu du Olanok, baina «haizea alde» izan dute: «Artistekin elkarlanean Arrese aritu da, eta proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du. Elizaren aldetik ere ez dugu oztoporik izan; kontrara, erraztasunak izan ditugu».

Garai bateko argazkiak
Altzo Azpiko elizakoa, ordea, ez da izango erakusketa bakarra: herriko ostatuan ere ikusgai jarri baitute garai bateko argazkien bilduma. Jendaurrean, guztira, 60 irudi jarri dituzte eta hiru gai jorratu dituzte: eskolako umeak, irteerak eta mendira egindako txangoak. 

Hainbat herritar aritu dira argazkiak biltzen, txukuntzen eta, are, horietan ageri diren altzotarrak identifikatzen. Horietako bat da Antton Iztueta, eta aitortu du «lanik zailena» identifikatzea izan dela: «Argazki berrienekin ez da zaila izan, baina zenbat eta atzerago joan, orduan eta zailagoa izan da. Zenbaitek beren burua ere ez zuen ezagutzen argazkietan».


Antton Iztueta, antolatzaileetako bat, erakusketako argazkiei begira. A. A. A.

Aurretik datorren lanketa dela azaldu dute Iztuetak zein Olanok, eta milagarren urteurrenaren barruan berariaz egin ez badute ere, aukera baliatu dute «memoriari gorazarre» egiteko: «Oroitzapenak, nostalgia... Hor daude, eta garrantzitsua da nondik gatozen jakitea». Alkateak gehitu du «herri giroan eta kohesioan» eragitea duela helburu, baita ere, iraganeko argazkien proiektuak. 

Antolatzaileek aurreratu dute hiru erakustaldi ezberdin egingo dituztela eta gaiak aldatuz joango direla; aurreikuspenen artean aipatu dituzte, batetik, paisaia, «herriko etxeak eta ikuspegia» denboran zehar nola aldatu den ezagutzeko; festak eta familia argazkiak. Irudi batzuekin zein besteekin, erakusketaren bat ikusteko aukera urte guztian zehar egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!