Ipuscua. Izanetik izena 1025-2025

Bi erakusketa milurtekoaren jardunaren barruan

Ataria 2025eko apirilaren 9a

Batetik, hainbat artisten obrekin osatutako erakusketa kolektiboa aurkeztuko dute; eta, bestetik, argazki zaharrekin osatutako esposizioa erakutsiko dute.

Altzon Muga. Mila Urte Gipuzkoak eta Altzok (1025-2025) jardunaldiak egiten ari dira eta, horien barruan, bi erakusketa estreinatuko dituzte asteburu honetan. Batetik, artelanen erakusketa kolektibo bat; eta, bestetik, herriko argazki zaharren bilduma.

Lehena ostiralean zabalduko dute, eta Olazabalgo Salbatore elizan egongo da ikusgai urriaren 31ra bitarte. Elena Arrese komisario eta artista plastiko gipuzkoarrak zuzendu du, eta helburu ditu, besteak beste, kultur ondarearen garrantzia «artearen hizkuntza unibertsalaren bidez» transmititzea. Hamabost artisten hainbat artelanek osatuko dute esposizioa, hain zuzen, bertan izango dira Koldobika Jauregi, Elena Cajaraville, Elena Arrese, Iñaki M. Ruiz de Egino, Julia Otxoa, Ricardo Ugarte, Ramón Ruiz Cabestany, Pablo Zuriarrain, Iker Valle, Nisa Goiburu, Uxue Lasa, Ángel Navas, Natalia Cambronero Nieto, Mª Jesús Cueto eta Antton Mendizabal sortzaileen obrak.

Erakusketa larunbatetan eta igandeetan egongo da zabalik, 11:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:00etara. Dena dela, ordutegi horretatik kanpo bisitatu nahiko luketen taldeek edo pertsonek eskaera egin dezakete Altzoko Udalaren webgunearen bidez.

Iraganeko irudiei hautsa harrotzen
Ostiralekoa, ordea, ez da izango inaugurazio bakarra. Igandean —hilaren 13an— ere beste esposizio bat zabalduko dute, hain zuzen, Altzoko garai bateko argazkiena. 11:30ean proiektatu egingo dituzte Batzarremuño aretoan eta, ondoren, erakusketa zabalduko dute herriko ostatuko goiko solairuan.

Antolatzaileek aurreratu dute hiru erakustaldi ezberdin egingo dituztela. Argazkiak ikusteko aukera, berriz, urte guztian zehar egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!