Hiru hagin landatu dituzte Altzon

Leyre Carrasco 2025ko mar. 23a, 18:32

Gipuzkoako Batzar Nagusiak hiru hagin oparitu dizkio Altzoko herriari eta gaur goizean landatu dituzte. Altzoko udal ordezkariekin batera izan dira Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria eta Eider Mendoza diputatu nagusia.

Bisita berezia jaso zuten igande goizean Altzon. Izan ere, Altzoko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek hainbat ekitaldi egingo dituzte urte honetan Gipuzkoa hitzaren lehen erreferentzia idatziaren milurtekoa ospatzeko. Ekitaldi sorta horri Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025 izena jarri diote eta horren bueltan hagin landaketa egin zuten igande goizean .

Xabier Olano alkateak eta udalbatzak eman zieten ongietorria Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariei plazan. Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria eta Eider Mendoza diputatu nagusia izan ziren bertan, eta horiekin batera, mahaiko kideak, alderdi guztietako batzarkideak eta baita foru gobernuko lau diputatuak ere. Hortik, Batzarremuño eta Elizalde eraikuntzen arteko lursailera joan ziren, Juan Mari Beltran eta Aitor Beltran txalapartarien doinupean.

Lursail horretan landatu zituzten Gipuzkoako armarrian bezala ageri diren hiru haginak. Horiek Gipuzkoako hiru bailaren ikur direla azaldu zuen Ezeizabarrenak, «Batzar Nagusiak izendatutako herrietan egiten zituzten, berdintasun zentzuz», eta balio horren gaurkotasuna azpimarratu zuen, «aldi odoltsuenetan ere, bagenuen zeri heldu gipuzkoarrek giza duintasunera itzultzeko eta zapalketak gainditzeko, onginahiz eta itxaropenez».

Zuhaitzek Euskadiko tradizio politikoan duten esanahia aipatu zuen lehendakariak: «Gure zuhaitzek askatasunaz hitz egiten digute, lur honetan aske eta bakean bizitzeko eskubidea dugun jendeaz, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen herriaz». Halaber, euskararen defentsa egin zuen, «gurea delako, antzinako gipuzkoarrena zen bezala, eta gure ondorengoei utzi nahi diegulako beste ezerk ez bezala elkar ezagutzen eta batzen gaituena: gure hizkuntza zahar eta berria, euskara».

Mendozak bere aldetik esanahi berezia duten zuhaitzen azpian biltzeko «ohitura errotu» horren garrantzia berretsi zuen, «hitz egiteko, elkarri entzuteko, eztabaidatzeko eta, ondoren, komunitatearen mesedetan erabakiak hartzeko». Horrez gain,erakunde eta arduradun politiko guztiak Gipuzkoa hitzaren milurtekoaren harira elkartu izana baloratu zuen eta esan zuen «hagin hauek landatuz gipuzkoarron eta euskal herritarron komunitate balioak indartu» egin nahi direla.

Hagin horiek Aiako Harritik, Herniotik eta Aralartik ekarritakoak dira, eta Batzar Nagusiek Altzoko herriari egindako opari hori nabarmendu zuen Olanok. Horrez gain, begirada are gehiago zabaldu zuen eta «Altzotik abiatu eta Nafarroako Azkaratera doan mendi-bidearen albotan hamarnaka, ehunka hagin topa» daitezkeela jakinarazi zuen. «Gipuzkoa eta Nafarroaren artean mendez mende izan diren harremanen lekuko dotoreak dira, artadi, pagadi eta hariztiekin batera».

Modu horretan, igandean Altzon landatutako hiru haginak «nafar eta gipuzkoarron harreman naturalen lekuko» izan daitezela eskatu zuen alkateak. «Goza dezatela hementxe bertan Altzoko umeak, helduak eta adinekoak, euskara naturalki erabiltzen dugunean. Poztu daitezela bisitariek euskal kultura eta euskara errespetatzen dituztenean», gaineratu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!