Altzon bildu da Turismo Mahaia, ia sei urteko geldialdiaren ondotik

Ataria 2024ko aza. 28a, 16:34

Azahara Dominguez diputatuak «turismoaren sektorea bildu» eta lurraldeko turismo-industriaren egoerari eta datozen hilabeteetan aurre egin beharreko erronkei buruz hitz egin dute.

Ia sei urteko geldialdiaren ondoren berriro bildu da Gipuzkoako Turismo Mahaia, Azahara Dominguezek, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, deituta. Diputatuarekin batera Altzon bildu dira lurraldeko erakundeetako, eskualdeetako, ostatu-sektoreko, ekitaldietako, kongresu-zentroetako eta «bestelako» turismo ordezkariak ere. «Gauden testuinguru historiko honetan, Gipuzkoako Turismo Mahai hau ez zen inoiz bertan behera geratu behar», horrela hitz egin du Dominguezek, eta «eskua luzatu» dio Gipuzkoako turismo sektoreari legegintzaldia hasi zenetik «murgilduta gauden elkarlaneko gobernantzaren bidean aurrera egiteko».

Turismoaren alorreko foru-arduradunak, aldiz, lurraldeko turismo-industriaren egoera azaldu du: «Industria goraka doa. Barne Produktu Gordinaren % 7,2 da, eta 2024an 5.600 enpresa-establezimendu baino gehiago izan dira, zeinak gizarte-segurantzan 39.300 afiliazio inguru sortu dituzten». Hari horri tiraka, Dominguezek aipatu du azken urteetan «aurrerapen handiak» egin direla arlo horretan: «2022an ostatuen hitzarmen kolektiboa onartu zen eta urtebete geroago ostalaritzarena; Gipuzkoa aitzindaria izanik ordutegi-kontrola ezartzen».

Erronkak eta helburuak
Dominguezek zuzentzen duen departamentua Turismoko Plan Estrategiko berria prestatzen ari da eta helburu dute urte sasoiaren araberako joerei eta deslokalizazio-erronkei erantzuna ematea. Eta, horretarako, aipatu dute «tresna baliotsua» izango dela Gipuzkoako Behatoki Turistikoa: «Bisitatzen gaituztenak hobeto ezagutzeko eta estrategiarik onenak diseinatzeko aukera emango dizkigu».


Bileran parte hartu duten ordezkariak, gaur goizean, Altzon.

Horrekin batera, diputatuak eredua «eguneratzeko beharra» nabarmendu du: «Garaiak turismo eredu berri baterantz igarotzea eskatzen digu, zeina jasangarria izateaz gain, birsortzailea izango den. Turismo-eredu horrek, jardueraren eragin negatiboa gutxitzeaz gain, turismo-helmugak hobetzeko eta biziberritzeko aukera ematen du, eta lagundu egiten du gure nortasuna indartzen eta bisitatzen gaituztenak gure lurraldeko zaindari bihurtzen».
 Zentzu horretan, «hazkunde kontziente» baten alde hitz egin du: «Gure helburua ezin da izan hazteagatik haztea, baizik eta Gipuzkoako eta lurralde osoko balioen jakitun, sentikor eta zaindari izango den bisitari-profila erakartzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!