Dantza garaikidean trebatu dira

Ataria 2024ko irailaren 28a

Dantza garaikidea probatzeko aukera izan dute altzotarrek, LABO programaren bitartez.

Altzora iritsi da gaur LABO programa, eta horren bitartez, dantza garaikidea. Izan ere, dantza eta praktika garaikideak Gipuzkoako hedadura txikiko landa-udalerrietara eramatea da Node konpainiak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan sorturiko ekimenaren helburua. Bada, aurrez Larraulen eta Mutiloan egon ostean, asteburu honetan Altzoren txanda da.

Hala, dantza garaikidean trebatzeko tailerra izan dute gaur goizean, Marina Eskisabel dantzariak gidatuta. Mugimendua, sormena eta norberarekiko lotura aztertzen aritu dira, gorputza izan dutelarik tresna, inprobisazio, konposizio eta gorputz kontzientzia teknikak erabiliz. Mugimenduarekin esperimentatu dute, sormenarekin jolastu eta prozesuaz gozatu dutela aipatu dute parte hartzaileek.

Ekimenak bihar, igandea, izango du jarraipena, ondorengo ikuskizunekin, 12:00etatik aurrera:Dab: Nun zira?; Cielo Raso: Reset; Osa+mujika: Bueltaxka. Altzora joateko doako autobus zerbitzua ere izango da. 10:30ean egingo du geldialdia Tolosako Rondilla kaleko 34. zenbakian, musika eskola parean.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!