Ohitura berriak barneratzen hasteko astea

Ataria 2024ko ira. 19a, 15:00

Mugikortasun astea ari dira egiten Altzon; horrez gain, zabalik daude izena emateko epeak kultur eta kirol ikastaroetan.

Mugikortasun astea ari dira egiten, egunotan, Altzon eta herritarrei autorik gabe ibiltzeko gomendioa luzatu diete. Bestalde, aurtengo kurtsoko ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago eta datozen egunetan bukatuko da.

«Herri barruko joan-etorrietan garraio publikoan, bizikletan, patinetean eta oinez ibiltzea», horixe eskatu diete herritarrei eta hainbat argudio eman dituzte eskaera sendotzeko, besteak beste, «merkeagoa eta seguruagoa» dela, leku batetik bestera «azkarrago» mugitzen direla eta «osasuntsuagoa» dela. Horiez gain, nabarmendu dute mugitzeko modu horiek ingurumena «askoz ere gutxiago» kaltetzen dutela edo ez dutela kaltetzen.

Eskolara oinez
Aipatutako gomendioaz gain, Denok elkarrekin eskolara! ekimena ere jarri dute martxan. Horren barruan, herriko haurrak 08:40ean elkartu eta plazatik elkarrekin abiatuko dira eskolara.

Ekimenak irauten duen bitartean Etxeberri eta Toki-Alai arteko bidegurutzetik eskolara bitarteko errepidean bizi diren bizilagunei kotxerik ez erabiltzeko gonbidapena ere luzatu diete, eta gehitu eskertuko dituztela guztien «laguntza eta ulermena». Epe berean haurrek eskolan «beste hainbat ekimen» egingo dituztela ere aurreratu dute.

Izena emateko azken egunak
Ikasturte honetan hainbat ikastaro eskainiko ditu Altzoko udalak, hain zuzen, soinketa, jarduera fisiko orokorra, yoga, zoru pelbikoa indartzeko hipopresiboak, pilates eta dantza. Guztietan ala guztietan sei laguneko taldea osatu beharko da ikastaroa egin ahal izateko eta kurtsoaren prezioa ordaindu beharko da izena ematearekin batera. Ikastaro guztietan irailaren 20a –bihar– baino lehen eman behar da izena; salbuespen batekin: dantza ikastaroan izena emateko azken eguna hilaren 25a izango da.

Hasteko egunei dagokienez, berriz, soinketa ikastarokoak, dagoeneko, hasi dira eskolekin; irailaren 24an izango dute lehen saioa jarduera fisiko orokorreko eta zoru pelbikoa indartzeko ikastaroetako parte hartzaileek; bi egun geroago –hilaren 26an– hasiko dira hasiko da pilates kurtsoa; eta urriaren 2an izango dute lehen saioa yoga eta dantza ikastaroetako ikasleek. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!