San Inazio egunean bertan lehertuko dute jaiei hasiera emango dien suziria Altzon, 11:00etan. Bezperan ordea, eskolako aterpean, Artea dantza taldeak emanaldia eskainiko du herriko musikariek lagunduta. Behin bezperetako lanak burututa, eta suziria jaurtitzearekin batera, emango zaie hasiera ofiziala Altzoko jaiei. Paella prestaketarekin ekingo diote lehen egunari, eta bertan herritarrek sukaldaritzarako duten abilezia erakusteko aukera izango dute; ondoren, altzotarrek paella hori dastatzeko aukera izango dute. Aurreko urteetan bezala, antolakuntza arduratuko da paellarako osagaiak jartzeaz; paella ontzia eramatea eta sua egitea berriz, «kuadrilla bakoitzaren ardura» izango dela adierazi dute antolakuntzatik. Arratsaldean, Elektrotxufla elektrotxaranga arduratuko da giroa alaitu eta kuadrilla guztiak dantzan jartzeaz. Gauean, zahagiardoaren ondoren, Alarma Morea taldeak eta DJ Nazak berotuko dute giroa musikarekin.
Hurrengo egunean, uztailaren 31n, haurren txirrindulari lasterketarekin ekingo diote egunari. Haurrek txirrindulari proba amaitu eta helduen toka txapelketa hasi bitartean, herriko gaztetxoek eta erretirodunek hamaiketako eder batez gozatzeko aukera izango dute. Eguneko ekitaldia, 18:00etan izango den herriko gazteen arteko apustua izango da, eta pasa den urtean bezala, herritar asko apustua ikusten izatea espero da. Bigarren egunari amaiera, zahagiardoarekin eta Gabezin musika taldearen kontzertuarekin emango zaio.
San Inazio jaietako hirugarren eguna, haurrentzako puzgarriekin eta apar festarekin hasiko da. Arratsaldean, Elordi elkartea jaien epizentro bilakatuko da; izan ere, mus txapelketa jokatuko baita bertan. Jarraian, Troia kale antzerkiaren txanda izango da; bertan, komiki eta marrazki bizidunen iruditegian oinarritutako antzezlana burutuko dute modu umoretsu, ganberro eta kritiko batetik. 19:00tan, aurtengo jaietako ekitaldi berezienaren txanda izango da, bertso jaialdiarena hain zuzen ere. Bertan parte hartuko duten bertsolarien artean: Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Xabat Illarregi eta Onintza Enbeitia aurkitzen dira. Bertso jaialdiaren ondoren, sagardo dastaketa eta Bide Batez taldearen dantzaldiarekin amaituko da eguna.
Azken egunari ekiteko, jaietako lehen egunean bezala, sukaldean ekingo diote altzotarrek. Oraingoan ordea, tortilla patatarik onena prestatzea izango dute helburu. Goizean bapo bete eta gero, frontoi zaharreko pilota txapelketako finalak jokatuko dira arratsaldean, eta finalak amaitu bezain pronto, Jon Luzuriaga eta Amaia Agirreren eskutik bertso triki-poteoa egingo da. 2024ko San Inazio jaiei zikirio jatearekin eta gauean egingo diren Goxua'n Salsa eta DJ Davilaren kontzertuekin emango zaie amaiera.