Gehigarria: gastronomia

Ostatua, osatuta

Ataria 2024ko ekainaren 8a

Altzoko ostatua guztiz eraberrituta dago, eta ekaina erdialdetik zerbitzua bere osotasunean egongo da martxan, lehen aldiz. Orain arte bezala, taberna eta jatetxe zerbitzuak eskaintzen jarraituko du, beheko solairuan.

Lehen solairuan, erabilera anitzeko gela bat dute. Udalak, behar duenean, bilerak edo hitzaldiak egiteko erabiltzen du; ostatuak, berriz, puntualki jangela bezala erabiltzeko aukera du. Bigarren solairuan, hiru logela eraiki dituzte; dotoreak eta zabalak. Logela bikoitzak dira, bakoitza bere bainugelarekin eta aire girotuarekin; logeletako batek ohe gehigarri bat du. Ez da apartamentu turistiko bat izango.

Logelak independenteak izango dira; ez da hirurak batera erreserbatu beharrik izango. Lehen solairuan, gainera, erabilera anitzeko gelaz gain, sukalde bat eta terraza bat eraiki dituzte, ostatu hartuko dutenentzat. Bertan otorduak egin ahal izango dituzte, baina ostatuak ere eskainiko die aukera hori.

Eskaintza gastronomikoa oso zabala da. Astegunez, egunero erabat aldatzen duten eguneko menua izaten dute eguerdian. Asteburuetan, kartaz gain, asteburuko menu berezia izaten dute, eguerdian. Lau plater erdik eta etxeko postre batek osatzen dute. Kartako platerez gain, garaiaren araberako iradokizunak ere izaten dira.


Iluntzean, berriz, askotariko ogitarteko eta plater konbinatuak jateko aukera ere izaten da. Duela bi urtetatik, txerrikumea edo arkumea protagonista duten menu itxiak ere eskaintzen dituzte. Azkenik, bestelako menu bereziak ere prestatu ditzakete, betiere, aurrez eskatuz gero. Udako denboraldiari begira, entsaladetan jarri dute fokua. Tomate eta hegaluze entsalada, txipiroi eta otarrainxkena, ahatearena eta bakailao entsalada jan ahalko dira. Ordutegiari dagokionez, astearteetan egiten dute atseden eguna. Astelehen, astearte eta ostegunetan iluntzean itxi egiten dute; 10:00etatik 19:00etara egoten da zabalik. Ostiral eta asteburuetan, berriz, 10:00etatik 00:00etara irekitzen dute.

Altzoko ostatuak, ordea, bestelako zerbitzuak ere eskaintzen ditu. Bertako produktuen salmentarako denda txiki bat du, eta turismo bulego funtzioa betetzen du. «Egin ditzaketen txangoak erakusten dizkiegu, baita Altzoko Handiaren bizitokia ere, eta Imazen Pagoaren historia azaltzen diegu».

  • Helbidea. Herriko plaza (Altzo)
  • Menuak. Eguneko menua: 19 euro / Asteburuko menua: 37,50 euro / Arkume edo txerrikume menua: 38 euro
  • Telefono zenbakia. 943 652 262
  • E-posta. zatozaltzora@gmail.com
  • Webgunea. altzokoostatua.eus

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!